Armeria Eskolako ikasleak, Joanes Balenciagak brontzezko domina lortu du pasa den astean Madrilen izan ziren Spainskills-en, Kontrol Industriala espezialitatean. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak trebetasunen lehiaketak (ingelesez skills) antolatu eta sustatzen ditu. Lanbide Heziketaren dibulgaziozko tresna baliotsuak eta ikasle, irakasle zein enpresak estimulatzeko baliabideak dira. Horrez gainera, trukatzeko plataformak eta eztabaidarako foroak ere eskaintzen dizkigute, ekoizpen-alor ezberdinetako estandar profesional, kalitatezko eta berrikuntzazkoen eboluzioen inguruan.
Bi urtez behin antolatzen den LHko lehiaketa nazional honetan autonomietan egindako txapelketetako hautagaitza irabazleek hartzen dute parte, gure kasuan EuskoSkills deiturikoak. Lehiaketan espezialitate bakoitzeko gaitasunak erakutsi eta baloratzen dira lan praktiko baten bitartez (Test Project), eta lan horrek lehiakideen prestakuntza uzten da agerian.
Aurtengo edizioan txapelketa hogeita bost espezialitate desberdinetan banatu da, besteak beste: mekatronika, diseinu mekanikoa, tornua, autoen teknologia, autoen karrozeria, autoen pintura, galdaragintza, instalazio elektrikoak, altzarigintza, aroztegia, sukaldaritza, jatetxe zerbitzuak, estetika edo ileapaindegia. Kontrol industrialeko teknikariek, Joanesek parte hartu duen espezilitatekoek, automatizazio industrialarekin lotutako punta-puntako teknologiekin egiten dute lan: automata programagarriak, frekuentzia-erregulagailuak, ikuskapen-sistemak, kaxa elektrikoak, etb. Balenciagak, Automatizazioa eta Robotika Industriala zikloko bigarren kurtsoko ikasleak, lehiaketan erabiliko diren ekipamendu teknologikoetan prestakuntza espezifikoa egin du.