Agurtzane Intxaurraga: 'Ikuslearentzat emozioen bidaia ikaragarria da antzezlana'

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 2a, 15:58

Intxaurraga Azkoitian izan da gaur antzezlana aurkezten, Sonia Vázquez Kultura zinegotziarekin batera.

Hika Teatroaren Koadernoa zuri antzezlana ikusi ahal izango da zapatu honetan, Baztartxo antzokian (22:00). Agurtzane Intxaurraga, Miren Gojenola eta Itziar Ituño aktoreek taularatuko dute lana. 

 

Iazko urrian estreinatu zuten obra eta ez dute ordutik atsedenik izan. Azken egunotan, hamar egunetan bederatzi emanaldi dituzte. Guztira, 40 emanaldi emango dituzte. 

Amaren papera Agurtzane Intxaurragak egiten du. Bera da, halaber, Arantxa Iturberekin batera obraren idazlea eta baita zuzendaria ere. Gaur Azkoitiko udaletxean izan da antzezlana aurkezten, Sonia Vázquez Kultura zinegotziarekin batera. "Oso neurea dela sentitzen dut lan hau", esan du Intxaurragak. 

 

Intxaurragak azaldu duenez, aspalditik zuen mesanotxean Lorcaren "Bernarda Albaren etxea" nobela eta bazuen Bernarda eszenaratzeko gogoa. Azkenean, Begoña eta Arrate ahizpen istorioa da "Koadernoa zuri". Batek Afrikara egin zuen ihes eta besteak amaren ondoan eman du bizitza osoa. "Begoñak borrokaren bidea aukeratu duzen, ito egiten zen. Arratek, berriz, obedientziarena, amak esandako bideari jarraituz". Ama hil berritan, 25 urte bananduta egon ostean, etxean bi ahizpak elkartzen dira berriro. "Obra emozioen bidaia ikaragarria da", Intxaurragaren hitzetan. "Istorioa ez da lineala; atzera eta aurrera egiten du, eta ikusleak aktibo mantendu behar du", gaineratu du.

Koadernoa zuri obra tragikoa dela esan du, baina umoretik ere asko duela. Hori dela eta, aktoreentzat obra konplikatua dela aitortu du Intxaurragak: "Erronka bat da aktoreentzat. Oraintxe momentu tragikoan zaude eta berehala umorea lantzen ari zara”.

Bestalde, antzokira koaderno zuri bat eramaten dute, eta antzezlana bukatutakoan publikoak nahi duena idazteko aukera du. "Ikusleen lekukotzak oso garrantzitsuak dira guretzat, euren iritzia kontuan izateko".

Antzezlanerako sarrerak leihatilan bertan eskuratu ahalko dira zapatuan, sei eurotan.

 

Antzezlana, eleberrian

Arantxa Iturbek eleberria atera berri du, eta hilaren 9an aurkeztuko du liburua. Eleberria salgai egongo da Baztartxo antzokian zapatuan. "Gehienetan eleberria bihurtzen da antzezlan, baina oraingoan alderantziz izan da", azaldu du Intxaurragak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide