Pertsona bati jolasetan parte hartzen ez uztea, eskolako materiala etengabe ezkutatzea, iraintzea... Kasualitatez gertatzen ez diren kontuak dira horiek, min handia eragin dezaketenak. Eskolako jazarpena presente dago gizartean, eta horri aurre egiteko, KiVa proiektuarekin bat egin du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Ikastolen Elkarteko beste 51 ikastolekin batera. Mundu osoan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena da KiVa, Finlandiako Turkuko Unibertsitateak garatua. Programari esker, Finlandiako eskoletan urtebetean %78 gutxitu ziren bullying kasuak.
Arritxu Olaizola da ikastolako KiVa arduraduna, eta haren arabera, berezitasun bat du programak: "Orain arteko hezkuntza ereduak jazarpena egiten duenari eta jasaten duenari soilik jartzen zion arreta. Baina jazarpen horren atzean ikasle talde bat dago, eta ikasle horietako bakoitzak hartzen duen rola klabea da jazarpen horrek izango duen bilakaeran, iraupenean eta eragingo duen sufrimenduan. Azkenean, taldea bera da erasotzaileari indarra ematen diona, eta lortu behar dena da isilik dauden horiek biktimarengana gerturatzea eta hari babesa ematea. Horrela, indarra galduko luke erasotzaileak".
Bi lan lerro
Jazarpenaren gaia taldean lantzea da proiektuaren ardatza, eta, horretarako, bi lan lerro ditu: prebentzioa eta esku hartzea. Jazarpena saihesteko materiala landuko dute Lehen Hezkuntzako maila guztietan; hain justu, bi astean behin ordubeteko KiVa ikasgaia izango dute ikasleek. Horrez gain, jazarpen egoera bat detektatzen denean, bost irakaslez osatutako KiVa taldeak esku hartuko du kasuan. Prebentzioa LHn soilik landuko duten arren, jazarpen kasuren bat izanez gero, ikastolako edozein mailatan esku hartuko du KiVa taldeak. Metodo aitzindari hori aplikatzeko, irakasleek formazio saio bereziak jaso dituzte, eta gurasoek gida liburua eskuragarri dute proiektuaren inguruko informazioarekin.
Urtarrilaren 27an KiVa eguna ospatuko dute ikastolan, proiektuari ofizialki hasiera emanez, eta, ekainean, prozesuaren ebaluazioa egingo dute. Aurten lehen urtea bada ere, aurrerantzean ikastolako hezkuntza proiektuan txertatuko da KiVa ikasgaia, eta hurrengo urteetan ere programa lantzen jarraituko dute.
Olaizolaren arabera, jazarpenarekin amaitzea da helburua, eta bukatu ezin bada, behintzat, jazarpenak izan ditzazkeen ondorioak apaltzea. Funtsean, haurtzaroko mina saihestuz gero, pertsonak zoriontsu izateko aukera gehiago izango dituelako.