Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu ditu ikastaroak, merkatariekin egindako parte hartze prozesuan ikusitako eskaeran oinarrituta.
Hiru saiok osatuko dute ikastaroa eta urriaren 20an, 27an eta azaroaren 3an izango dira Elkarguneko KZgunean 14:15etik 15:45era.
Lehenengo saioan publizitatearen inguruko sarrera egingo da. Internetak publizitatearentzat dituen aukerak, sare sozial bakoitzaren publiko mota edota arrakasta kasuak ikusiko dira.
Bigarren saioan helburuen definizioa, sare sozialen aukeraketa, komunikatzeko modua edota programatzeko erremintak ikusiko dira, besteak beste.
Azken saioan dendariek iragarkia sortuko dute Facebooken horrek eskatzen dituen pauso guztiekin: helburua finkatu, publikoa segmentatu, aurrekontua ezarri, iragarkia prestatu eta emaitzak neurtu.
Partaideek interesa erakutsiko balute laugarren saio bat eskainiko da zalantzak argitzeko edota ukitu gabeko beste alderdiren bat jorratzeko.
Dendariei gaur bertan banatuko zaie eskuorria informazio guztiarekin. Izen emate epea urriaren 17ra arte luzatuko da eta interesa dutenek udaleko euskara zerbitzuarekin jarri beharko dute harremanetan 943 85 71 75 telefonora deituz edo euskara@azkoitia.eus-era idatziz.