Zapatu honetan emango deiete azkoitiarrek festei hasiera. Abuztuaren 14an, igandean, VII. Jokin Ormaetxea jubenil mailako txirrindulari lasterketa izango da, 10:00etan. Jarraian, "Laja" eta "Landakanda" igoko dira udaletxeko balkoira, eta trikitixa mundua maite duten guztiei irekiko zaizkie udaletxeko ateak.
Astelehenean, hilak 15, erraldoien eta buruhandien kalejira egingo da 11:30ean; baita herriko musika bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua ere, Kontzejupean, 13:00etan. Lau ordu beranduago, Irribarria-Merino II.a eta Altuna III.a-Zabaleta pilotarien arteko partida izango da, Gurea pilotalekuan.
Asteartean, hilak 16, zezen karretoiaren kalejira egingo dute, 16:00etan, eta gazteentzako jolas dinamikoak prestatuko dituzte, 17:00etan.
Gazteentzako ezezik, herriko jubilatuei ere egingo zaie gorazarre. Hala, aurten 90 urte egiten dituzten herritarrak zorionduko dituzte jubilatuen anai-arreben arteko bazkarian.
Ostegunean, hilak 18, ohiko bazkari herrikoia egingo dute, herriko plazan, eta gauean karaoke festa egongo da. Ostiralean, berriz, idi dema probaren unea izango da.
Azkoitiko Udalak "eskerrak eman" nahi dizkie festen antolaketan parte hartu duten guztiei eta, bide batez, "bat egiten du lo dauden bizilagunak errespetatzeko deiarekin, eraso sexisten aurkako kanpainarekin eta baita alkoholaren gehiegikeriak gaitzesten dituen kanpainarekin".