Izarraitzeko mendi ibilbideen mapa aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 22a, 18:01

Zorrospen bildu dira Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta, Azpeitiko alkateorde Estitxu Elduaien eta Turismo zinegotzi Agustin Lizarralde, Zestoako alkate Josetxo Mendizabal eta Iraurgi Berritzeneko Jesus Mujika.

Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentziaren Turismo sailaren eskutik, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udalek Izarraitzeko mendi ibilbideen mapa kaleratu dute. Gaur egin dute eskuorriaren aurkezpena udal ordezkariek, eta eguraldiak lagundu ez duen arren, Zorrospen bildu dira Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta, Azpeitiko alkateorde Estitxu Elduaien eta Turismo zinegotzi Agustin Lizarralde, eta Zestoako alkate Josetxo Mendizabal. Eurekin izan da Iraurgi Berritzeneko turismo arduraduna den Jesus Mujika ere.

 

Mujikaren hitzetan, ibilbideen maparen helburua da "aisialdirako eta turismorako Izarraitzeko eremu naturalak dituen aukerak balorean jartzea eta islatzea". Turismoan antzeman den eskariari erantzunez egin dute proiektu hori. Turismo bulegoan behin eta berriz errepikatu den galdera izan dela azaldu dute honako hau: "Nola igo ninteke han gora? Ibilbiderik ba dago?"

Hemendik aurrera interesa duen ororentzat eskuragarri dago ibilbideen inguruko eskuorria. Modu erraz eta argian Izarraitzek eskaintzen dituen aukera ezberdinak ikusten dira, eta era berean, informazio zabala ematen da liburuxkan.

Eskuorriaren alde batean aireko argazki batetik egin den marrazkia agertzen da, non Izarraitzeko ikuspegi orokorra begiratu batean ikusten den, bertan hiru udalerriak agertzen direlarik: Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa.

Bertan bost ibilbide marraztu dira kolore desberdinetan:

  • Izarraitzeko bira (balizatua, seinaleztatua eta homologatua, ez dago galerarik.
  • Lau igoera: Aittola-Xoxote, Azkoitia-Kakute, Azpeitia-Xoxote eta Zestoa-Erlo.

Eskuorriaren atzeko aldean ibilbide bakoitzaren gaineko informazioa jaso dute, QR kode batekin.

  • QR horrek urolaturismo.eus webguneko atal konkretuera bideratzen du, non ibilbide bakoitzaren TRACka mugikorrera jaisteko aukera ematen duen, modu horretan, informazio osoagoa eskaintzeko erabiltzaile potentzialei. Hau da, fisikoki mendian dauden markez gain, GPSaren aginduak jarraituz ibilbideak egiteko aukera.

Zerbitzu turistikoen berri ere ematen da atzeko aldean: Izarraitz eremuko ostatuak, jatetxeak, garraioak eta abar.

"Eskari turistikoa gero eta segmentatuagoa eta zorrotzagoa da. Egun, jendeak aukera konkretuak eskatzen ditu, hala nola, natura, familia planak, gastronomia edota kulturari lotutako aukera desberdinak, eta eskaintza turistikoa konfiguratzen dugunok horretara egokitu behar dugu", azaldu du Mujikak. Mapa horrekin beste pauso bat eman dute, natura turismoko segmentuan eskaintza gauzatuz. Lehendik gastronomian (Urola Gustagarri), turismo kulturalean (Hainbat aukera) eta familia turismoan (Bost geltoki) gauzatuta duten eskaintzari batzera dator, modu horretan, eskaera turistikoaren eremu ia osoa edo oso zabala betetzeko helburuarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide