Xabier Etxaniz: "Urduri samar jarri ninduen betirako grabatuta geldituko den sentsazioak"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 23a, 08:58

Argazki handian: Ainara Saizar, Xabier Etxaniz eta Josune Arakistain.

Xabier Etxanizek (Azkoitia, 1989) estudiorako jauzia emango du aurreneko aldiz. Trikitixa Elkarteak hiru kanta berri sortzeko eskatu dio, eta oso pozik dago bizitako esperientzia horrekin Aizpurutxoko trikitilari gaztea.

 

Aurreneko aldiz sartu zara estudioan disko baterako kantak grabatzeko. Nolako esperientzia izan da?

Egia esan uste baino zailagoa eta luzeagoa izan da. Orain arteko grabazio guztiak etxean nola edo hala egiten nituen, edota jaialdiren batean zuzenean jota grabatuak izan dira, zailtasun gehiegirik gabe. Estudioan sartzean, ordea, musika-tresna bakoitza eta ahots bakoitza banaka grabatu behar izan dugu, besteak beste. Lana bikoiztu egiten da. Bestalde, betirako grabatuta geratuko den sentsazio horrek urduri samar jarri ninduen, baina oso esperientzia polita izan da.

 

Zenbat ordutako lana da kantu bat grabatzea?

Trikitilari bakoitzak egun oso bat izan dugu geure kantak grabatzeko. Nirea, esaterako, zortzi orduko saioa izan da.

 

Zenbat kanta sortu dituzu zuk? Ba al daukazu bat kuttuna?

Diskoan kantak grabatzeko eskakizunetako bat, kantak norberarenak izatea zen. Nik hiru sortu ditut: trikitia, porrusalda eta kalejira. Horietako bi guztiz berriak dira, eta bestea, berriz, lehenagotik asmatuak nituen zatiekin osatu dut. Egia esan, hirurek dute zerbait berezia niretzat, azken finean neuk sortuak baitira. Bat aukeratu beharko banuke, grabatu berria dudan trikitiarekin geratuko nintzateke.

 

Zenbat denbora izan duzu hiru piezak sortzeko?

Trikitixa Elkarteak duela sei edo zazpi hilabete deitu zidan diskoan parte hartzeko prest egongo ote nintzen jakiteko. Gustura jaso nuen eskaintza. Ideia asko izan ohi dira horrelako dei baten aurretik, baina benetan disko berri bat grabatu behar duzula jakitean, ideiak ez dira horren erraz sortzen. Denbora honetan guztian ibili naiz piezei forma eman nahian.

 

"Zapatak urratu luizi batek azken aldia ekarri aurretik", mezua zabaldu duzu sare sozialetan; zer esanahi du esaldi horrek?

Egin ditudan hiru piezen izenburuekin egindako esaldi bat da: Azken aldia, Luizia eta Zapatak urratuta.

 

Nork sortu dizu letra? Zuk proposatutako gaiak izan al dira?

Letra guztiak nire lagunek egin dizkidate: Maialen Olazabalek, Silvia Etxanizek eta Josune Arakistainek. Egia esan gaia ez diot inori zehazki eman, baina bai ideia batzuk. Bertsolari batek nire ideien aldetik jo du, baina besteek euren ideiak landu dituzte. Hala ere, kanta bakoitza mundu bat da, eta ez dute elkarren artean loturarik.

  

Zeinekin batera grabatu duzu?

Grabaketa lanetan Ainara Saizarrek eta Josune Arakistainek lagundu didate.

 

Zergatik horiekin?

Ainara Saizar betidanik nirekin aritu izan da panderoa jotzen. Oso gustuko dut panderoa jotzeko eta abesteko duen modua. Horregatik, aurreneko grabaketa serioa egiteko eskatu zidatenean, garbi nuen Ainara Saizar izango zela abesti horien bigarren zatia. Kanta horiek ez lirateke berdinak izango ez balituzke Saizarrek abestuko. Berak kantatzeko sortutakoak dira. 

Josune Arakistain, berriz, trikitilari aparta izateaz gain, diskoko pieza baten letren egilea ere bada, eta ahots bikaina du. Bikote aparta osatzen dute piezei goxotasuna emateko. 

 

Nolako piezak dira?

Trikitia jotzeko moduan nahiko tradizionala naiz, eta kantak sortzerakoan ere bai. Txapelketetan jotzeko moduko piezak direla esango nuke.

 

Zenbat kantuk osatutako diskoa da?

Bost trikitilarik parte hartu dugu disko horretan, eta bakoitzak hiru pieza sortu ditu; beraz, hamabost kanta izango dira guztira.

 

Zutaz gain, zein trikitilarik parte hartu dute diskoan?

Itsaso Elizagoienek, Xabi Aburruzagak, Patrik Larraldek eta Ander Zabaletak.

 

Noiz kaleratuko dute disko berria? Eta non erosi ahalko da?

Ez dakit ziur noiz argitaratuko duten, baina udazken alderako aterako dela pentsatzen dut. Erosteko aukera, berriz, ohiko lekuetan izango da: Ixidro Erretegian eta Aizpurutxoko Itziar Jatetxean, besteak beste. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide