2016/03/05 18:30 - 21:00

Txapelketa

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako Finalak Esku Huska

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako Finalak Esku Huska
Gurea pilotalekua, Azkoitia

Ostiraletik igandera bitartean, Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketako finalak jokatuko dituzte. Esku-huskako Ohorezko Mailako hitzordua ostiralean izango dute Laudioko Areta frontoian, eta bertan Pagazpeko Santxo-Gorrotxategi eta Txukun Lakuako Mendinueta-Pérez arituko dira. Jaialdia 19:00etan hasiko da Pagazpe eta Laukizen arteko gazte mailako lehia erabakigarriarekin. Esku-huskako beste finalak egoitza hauetan jokatuko dira: Azkoitia (larunbatean, 16:30 – EH Liga nagusiak eta 22urte azpikoak), Mungia (igandean, 11:30 – banakako nagusiak eta gazteak) eta Txukun Lakua (igandean, 11:30 – binakako eta banakako kadeteak).

Zesta puntako interes gunea Mutrikun egongo da ostiralean, 19:00etatik aurrera Danok Bat eta Gasteiz nor baino nor egongo baitira gazte mailan eta Markinak eta Zumaiak, berriz, kadetetan jokatuko dute. Egun bat geroago, larunbatean, ordu berean, Ohorezko Mailan, Donosti eta Berriatua lehiatuko dira eta, bestalde, Danok Batek eta Berriatuak EH Liga eskuratzeko asmoz borrokatuko dute.

Erremintako zaleek ere hitzordu ugari izango dituzte. Kurene eta Armintza lehiatuko dira ostiralean Ortuellan (20:30etan) eta larunbatean, Ordizian, 17.00etatik aurrera modalitate horretako EH Ligako titulua jarriko da jokoan, larruzko paletako finalarekin batera. Larunbatean ere, baina kasu horretan goizez (11:30etan), Lekunberrik nesken paleta gomako norgehiagokak hartuko ditu, bai nagusiko EH-ko Irekiko 2. mailakoa, baita kadetekoa ere.

Bukatzeko, igandean, Adurtzan, 11:30etan, gazte eta kadete mailako mutilen paleta gomako txapeldunen izenak ezagutuko dira.

Frontenisak egoitza bakarra izango du, Galdakaoko Kurutzea frontoia, hain zuzen ere.

Bertan, larunbatean, 10:00etatik aurrera, Ohorezko Mailako, EH Ligako, gazte mailako eta kadete mailako finalak jokatuko dira.

Hizkuntza: Euskara

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide