Zergatik sortu nahi duzue kafe antzokia Azkoitian?
Azkoitiko herria oso aberatsa da kultura arloan, talde eta norbanako askoren lan eskergarengatik. Horregatik, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dira, hainbat motatakoak: musika, antzerkia, bertsolaritza, hitzaldiak... Baina aberastasun kulturala izan arren, ekitaldi batzuentzako herrian dauden beste azpiegiturez gain (Baztartxo, herriko plaza, Matadeixe...) gune aproposagoa falta zitzaigun, eta hutsune hori betetzera dator kafe antzokia.
Nola definituko zenuke Kafe Antzoki horren filosofia?
Partaidetza, elkarlana eta koordinazioa da hiru hitzetan kafe antzoki horren definizioa. Hasiera hasieratik herriko norbanakoen eta taldeen ekarpenak jasoko dira, izen beretik hasita.
Zein izango da partaidetza horren atal garrantzitsuena?
Talde eragilea izango da. Oraindik zehaztu gabeko maiztasunarekin elkartuko da, eta bere lehen lana kafe antzokiaren funtzionamendua eta urteko programazioaren ildo nagusienak definitzea izango da.
Nork izango du lehentasuna programazioan?
Herriko taldeen ekitaldiak pisu handia izango dute, beti ere lehentasuna bertako sortzaileei emanez. Gainera, herrian dauden taldeen elkarrekiko ezagutza bultzatuko da. Ezjakintasun handia dago aldamenekoak egiten duenarekiko, eta elkarren berri izateak onurak besterik ez dizkigu ekarriko, bereziki kultura ekitaldien koordinazio arloan. Behin baino gehiagotan antzeko ekitaldiak antolatu izan dira egun berean, elkarren berri ez izateagatik.
Zein abantaila izango dituzte herritarrek?
Arreta berezia ipiniko dugu bazkideengan. Bazkide horiek hainbat abantaila izango dituzte: sarrerak lortzeko lehentasuna, beherapenak mahaiak erreserbatzeko aukera…