Azkoitiko Udalak uste du Mankomunitatearen Batzar Orokorrak 2015eko abenduaren 30ean onarturiko hitzarmena Azkoitiko herriaren, azkoitiarren eta Mankomunitatearen interesen aurkakoa dela. Horregatik, Mankomunitatearen aurrean helegitea aurkeztea erabaki du, hainbat arrazoirengatik.
Azkoitiko Udalak onartzen du Azpeitiak konpentsazio bat jaso behar duela zabortegia bere lursailetan egoteagatik. Baina Azpeitiko Udala dagoeneko ari da jasotzen diru-kopuru bat arrazoi horrengatik, 2011n Mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak sinaturiko akordioan oinarrituta. Ordutik gaur arte Azpeitiko Udalak 1.823.840 euro eskuratu ditu.
Horrez gain, 2014an Mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak adostu zuten azken horri 1.565.000 euro ematea, merkatu plazaren berritzeagatik.
Horiek horrela, Azkoitiko Udalak eskatzen dio Mankomunitateari "proiektu tekniko eta finantzario bat" egitea, aztertzeko, egungo Lapatxen egoera ekonomikoa zein den eta ea aurre egiteko gai den zabortegiaren itxierak eta ondorengo mantentzeak dakartzan gastuei.
Bestalde, egiaztatuz gero Lapatxek nahikoa diru baduela inbertsioei aurre egiteko, "posible litzateke diru-laguntzak emateko aukera planteatzea". Baina egun indarrean dauden Mankomunitatearen estatutuek ez dute aurreikusten objektu gisa udalerriei diru-laguntza zuzenak emateko aukerarik: "Diru-laguntzak eman ahal izateko, estatutuak aldatu behar dira eta guk ez diogu aukera horri uko egiten, baina gaur egun diru-laguntzak ematea ez dago aurreikusita estatutuetan", azaldu zuen Javier Zubizarreta alkateak atzoko ohiko bilkuran.
Oposizioko taldeen erantzunak
Azkoitia Bai: Mankomunitateko kide direnen eta idazkariaren hitzak entzun ondoren, egin denak ez dirudi legezkoa, eta beraz, akordioak inpugnatzearen eta helegitea aurkeztearen alde gaude.
PSE-EE: Helegitea aurkeztearen alde bozkatuko dugu. Baina oso arduratuta gaude gaiarekin. Aldundiak presionatu gaitu, bilkuran gai horren atzerapena eskatzeko. Azpeitiko alkateak, zuzenean Lapatx itxiko duela mehatxu egin du ez badu diru kopuru hori jasotzen, alegia, guk ez badugu helegitea atzera botatzen. Beraz, horrek kalte handiak ekarriko dizkio gure bailarari, ahalegin berezia egin beharko dugulako, zaborrarentzat beste lur-eremu bat lehenbailehen bilatzeko. Gure alderdiak gaia aztertu ondoren erabaki du ezin dela onartu xantaia hori, alegia ez dugu onartuko denon dirua erabiltzen den mankomunitatetik ia 4.000.000 euro jasotzea Azpeitiko Udalak modu ilegalean. Horregatik, gure ustez arazoa ez da zaborra, mafiakoak izatea baizik. Egoera gaitzesten dugu.
EH Bildu: Gure ustez gauzak hitz eginda konpondu behar dira. Mankomunitateko zenbait gauza ondo ez direla egin onartzen dugu, baina mahai gainean dagoen helegite hori ere ez dela bide egokia iruditzen zaigu. Ikusten dugu helegite honetan aurkezten diren zenbait datu horrela izan daitezkeela, baina mankomunitateak ere mahai gainean ipinitako zenbait datu horrela dira. Eta hor tartean badaude lehen Mankomunitateko lehendakari zen Azkoitiko EAJko alkate izandakoak sinatutako dokumentu batzuk; tartean bat, 2009an sinatua, eta hura gaizki egin zelako beste bat sinatu zuten 2011n. Horregatik abstenitu egingo gara.
Amaitzeko, "nik badut konstantzia Azpeitiko alkateak zabortegia irekita mantentzea" nahia duela, azaldu zuen Gaizka Larrañaga EH Bilduko atzoko bilkurako bozeramaileak.
Bukatzeko, alderdi guztien erantzunak entzun ondoren, alkateak azpimarratu zuen "interes publikoen aldeko ekintzen jarduera ez dela legedian aukera gisa aintzat hartzen, baizik eta obligazio modura".
Bozketan, hitzarmenaren aurkako helegitea jartzea onartu zen EAJ/PNV, PSE-EE eta Irabazi/Azkoitia Bai alderdien baiezko botoekin eta EH Bildu koalizioaren abstentzioarekin.