Batzarrean, EH Bilduk Udaleko berdintasun teknikariaren "kaleratzeaz" galdetu zion alkateari, eta Javier Zubizarretak azaldu zuen EAJak ez duela "inor kaleratu", langile horren "izendapena amaitu besterik" ez dela egin. Izendapen hori aurreko agintaldian egin zitzaion berdintasun teknikariari, eta 2015eko abenduaren 31an amaitzen zitzaion izendapena. Horren aurrean, honakoa adierazi zuen Zubizarretak: "Ez genuen izendapena berritzerik nahi; guk ikusiko dugu horretara bideratzen zen dirua nola bideratu. Zerbitzu hori ematen jarraituko dugu, baina beste modu batean. Alegia, orain arteko lana beste modu batean kudeatuko dugu, baina berdintasunaren alde lanean jarraituko dugu, eta emaitzak ikusiko dituzue".