Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?
Nafarroa osoko hogei lagunek eratzen dugu zuzendaritza taldea. Baina horiez gain, hainbat kideren babesa daukagu.
Euskal Herria Nafarroaren barruan kokatzen dugu; Nafarroa, Euskal Herria baino handiagoa da. Noski, Euskal Herria da Nafarroako erkidego garrantzitsuena, baina ez bakarra. Gizarte anitz bat ikusten dugu, non multzo garrantzitsuena euskaldunek osatzen duten. Ez dugu mapa finkorik, guretzat nafarra da nafarra sentitzen dena, eta horretarako jendea informatu egin behar dugu lehendabizi. Pedagogia lan handia dago aurretik. Hala ere, Gipuzkoan, jendea sentsibilizatuagoa dago nafar kulturaren inguruan beste zenbait herrialdetan baino. Kultur elkarte nafarzale asko daude. Azkoitian ere badaukagu.
Nafarroa, Europako estatu modernoetako bat izan zen garai batean, eta guk estatu hori berreskuratu nahi dugu. Ez nazioa, baizik eta estatua. Kontzeptu juridiko politikotik goaz, estatu nafar baten bila.
Zenbat sinadura bildu behar dituzue hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko?
Gipuzkoan 600, Bizkaian 1.000, Araban 400… Oraintxe hasi gara, eta azaroaren 16a dugu sinadurak aurkezteko azken eguna. Bitartean, ni neu Azkoitian ibiliko naiz sinadurak biltzen, gure alderdikideak Nafarroa osoan ibiliko diren bezala. Bihar, hilak 7, esaterako, mahaia jarriko dut Kale Nagusian 12:00ak aldera, eta Txalintxo tabernan ere sinatzeko aukera izango da.
Oso talde berria gara jendearentzat, eta aurpegi ezagunik ere ez daukagu oraingoz. Horregatik, jendearengana hurbiltzeko lanean ari gara. Gainera, talde askorekin ari gara harremana izaten, eta batzeko prest gaude. Baina guk garbi daukagu jarraitu nahi dugun ildoa: Nafar estatua berreskuratzea. Hori guztia azaltzeko webgunea ere badaukagu nahi duenarentzat.