Iriaun elkartea: 'Elkartearen ateak zabalik dauzkagu Kultur Etxeko bulegoan, edozein ekarpen egiteko'

Maxixatzen.eus 2015ko aza. 6a, 12:34

Kandido Azpiazu, Antton Menjibar eta Modesto LarraƱaga Iriaun elkarteko kideak.

Nolatan sortu zen Azkoitiko Iriaun elkartea?

Aurrena aipatu beharra dago betidanik izan dugula herri konkistatutako herritarrak izatearen kontzientzia. Auñamendi entziklopediako Historia general de Euskalerria irakurriz jaso genituen gure herriaren zatiketa eta desestatalizazio prozesuari buruzko zantzu ba-tzuk. Gerora, Nabarralde aldizkariaren jarraitzaile bihurtu ginen. 2010, 2011 eta 2012. urteetan 1512ko konkistari buruz egindako kongresuetan izan ondoren, iruditu zitzaigun merezi zuela hitzaldietako gaiak, era batera edo bestera, Azkoitian ere zabaltzea. Horregatik elkartu ginen zerbait egiteko asmotan.

 

Nondik eta nora dator Azkoitiak nafar sustraiak dituela adieraztea?
Badakigu Azkoitia herria sortu baino lehen bailara honetan jendea bizi zela; 1186ko Iruñeko gotzaindegiko dokumentu batean Iraurgi bailara aipatzen da, eta bertan bi eliza zeudela ere bai: Baldako Santa Maria eta Soreasuko San Sebastian. Bailarako baserritarrek bi elizate horien inguruan egingo zituzten inondik ere bailarako kontuak antolatzeko batzarrak. Gerora, bi leku horien inguruan sortuko ziren Azkoitia eta Azpeitia. 1186. urtean, Iraurgiko bailara Nafarroako erresuman integratuta zegoen.
Herriaren sorrera, hiribildu moduan eta San Martin de Iraurgi izenarekin, geroago izan zen, 1324an, lurralde hauek Gaztelaren esku zeudenean.


Nafar sustraiak baldin baditugu, nola galdu zuten hemengo herritarrek nafar izaera?
1199. urtean hasi zen gure lurraldearen konkista. Gasteiz 7 hilabetez setiatu zuten, errenditu zen arte; Donostia ere konkistatu egin zuten. Baionak, berriz, eustea lortu zuen. Gogoratu behar dugu, Nafarroako Antso VII.ak fundatu zituela bai Gasteiz eta bai Donostia, Durango bezala. Gerra kanpaina bakarrean, Gaztelak Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa bereganatu zituen. Egoera horrek jarrera desberdinak eragin zituen bertako jauntxoen artean; batzuk, Gebaratarrak adibidez, Nafarroaren alde borrokatu ziren; beste batzuk, berriz, Gaztelaren alde ibili ziren. Jarrera desberdin horiek eragina izan zuten bandoak sortu zirenean: Ganboatarrak eta Oinaztarrak.
Iraurgi bailaran zer gertatu zen ez dakigu zehazki, eta Elosuko Iriaun gazteluaren garai hartako eginkizuna zein zen ere ez dugu ezagutzen.


Non kokatzen zen zehazki Elosuko Iriaun gaztelua? Zer garrantzi zuen bere garaian?
Elosuan bada bertakoek beti “Gaztelu” deitu izan dioten muino bat. Elosuko umeak hara igotzen ziren jolasean. Hilerritik aurrera dago, ia Aizpurutxoko sakonaren gainean.
Gaur egun Elosua urrun dagoela iruditzen bazaigu ere, kontu egin behar da garai haietan Gasteiztik itsasora iristeko merkatari bideetako bat Elosutik pasatzen zela; Bergara-Elosu-Azkoitia bidea eginez, Getariaraino. Garai hartan Aizpurutxoko bideak ziur asko ez zuen orain duen moduko garrantzirik, eta ez zen bide luzeko merkataritzarako erabiliko. Elosua Nafarroako erresumaren barnean zegoenez, hemen ez zegoen mugarik, eta, beraz, ez zeukan defentsa helbururik. Bergara-Azkoitia merkataritza bidea zaintzeko izango zen gaztelua, bidea lapurrengandik zaintzeko 4tik 6 zaindari bitarteko garnizio txiki bat izango zuena.


Zergatik desagertu zen gaztelua? Nolatan ez dago haren arrastorik?
Esan bezala, 1200eko konkistan Elosuko gaztelurik aipatzen ez denez, ez dakigu zer gertatu zen; garrantzi estrategikorik gabe, bidea zaintzeko gotorleku xume bat izanik, ziurrenik osorik iraungo zuen. Beharbada, ez zen Nafarroako erregearen gazteluetako bat izango, Alfonso VIII.a konkistatzaile gaztelarrak bere testamentuan Nafarroako erregeari bere gazteluakitzuliko dizkiola aitortzen duenean, ez du Elosukorik aipatzen.
Gaztelua noiz arte erabili zen ez dakigu. 1457an Gaztelako Enrike IV.a erregeak gaztelu eta jauregi batzuk botatzeko agindu zuen; “(…) para pacificar el país, perturbado por los bandos Oñacino y Gamboino”. Iriaun gaztelua, jauntxoren batena bazen, baliteke orduan botatzea.
Elosutarren ahozko tradizioaren arabera, gazteluko harriak erabili zituzten Elosuko San Andres eliza eraikitzeko; ba omen da hori adierazten duen 1468ko dokumentu bat. XX. mende erdian, berriz, muino-harkaitzaren zati bat dinamitatu zuten, Bergara-Azkoitia errepidea egiteko harria ateratzeko. Egurrezko zutabeak kokatzeko erabili zituzten harkaitzeko zulo batzuk bakarrik geratzen dira haren aztarna gisa.


Zer helburu ditu Iriaun elkarteak etorkizun hurbilean?
Urriaren 12an Elosuko feria izango da, eta gaztelu muinoraino kalejira egingo dugu 11:30ean; gaztelua gogoratuko dugu bertan. Bestalde, nafar izatearen esanahia zabaltzea da gure helburua: euskaldunak gara, bai, baina era berean nafarrak ere bai. Dauzkagun mugen gainetik kokatu behar dugu geure burua.
Azkenik, adierazi nahi dugu Iriaun elkartearen ateak zabalik dauzkagula Kultur Etxeko 4. solairuan guri edozein ekarpen, laguntza edo lankidetza modu eskaini nahi digun edozeinentzat. Beste hainbeste guk lantzen ditugun gaien inguruko informazio zehatzagoa behar duenarentzat ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide