Munduko mendi lasterkari onenekin batera ari da lehiatzen azkoitiarra. Oso baldintza gogorretan dabiltza; hotza, euria, behe-lainoa eta elurra ia egunero dituzte mendi gailurretan.
Irailaren 13tik 20ra bitartean iraungo du lasterketak. Baina Aleson, ondo-bidean, lehenago iritsiko da. Hala ere, lurra oso irristakorra dagoela eta, tentuz jarraituko du erorketarik ez izateko eta proba amaitu ahal izateko. Azkoititik hiru lagun, bere anaia eta bi lagun joan dira Alesoni laguntzera eta animoak ematera. Dagoeneko, 80 ordu baino gehiago egin ditu korrikan.
Zero gradu azpitik izan dituzte momentu askotan. Hipotermia sentsazioekin ere egon izan da azkoitiarra, baina pixka bat errekuperatu orduko ekiten zion berriro probari. Gainera, lo ezin dute egin bi ordu baino gehiago jarraian, arauak hala eskatzen duelako. Esaterako, Aleson, igande goizetik, bost ordu eta erdi lo eginda dabil. Hanka ubela ere izan du eta gaur izterrondoko minez dabil. Ordea, ez du aurrera ez jarraitzeko aitzakiarik, momentuz. Sufritzeko jaiotakoa da gizona; 31 orduz korrika jarraian egin izan ditu eta gauez ilunpetan sei orduz korrikan ibili ere bai.
Korrikalari batzuk amore ematen ari dira, esaterako, hirugarren zihoana eta zortzigarren zihoana, baina Imanolek hor jarraitzen du tinko, oraingoz, hamaseigarrena. Animoz eta indarrez ondo dagoela adierazi diote Maxixatzeni bere gertukoenek, baina hori bai, bukatzeko gogoarekin.