Aginte makila eskuetan, Javier Zubizarreta alkate jeltzaleak

Maxixatzen.eus 2015ko eka. 13a, 10:45

Javier Zubizarreta, Azkoitiko alkate berria.

Aldaketa iritsi da Azkoitira, eta EAJk izango du datozen lau urteetan Udal gobernuaren ardura. Espero zen bezala, Javier Zubizarreta izango da Azkoitiko alkate berria datorren agintaldian.

Gaur goizeko plenoan bozketa egin ondoren, aginte makila eman dio Urrategi Alberdi EH Bilduko egungo alkateak, Javier Zubizarreta EAJko alkate berriari. Lau urteren ondoren, beraz, alkate jeltzalea izango du berriro herriak. 

 

Maiatzaren 24ko haustekundeetan EAJk gehiengo osoz irabazi zuen, eta bederatzi ordezkari lortu zituen. Emaitza horien jakitun, espero zen bezala, Javier Zubizarreta izango da herriko alkate berria.

Alkatea aukeratzeko bozketa paper bidez egin dute, eta honela geratu dira emaitzak: Javier Zubizarretak bederatzi bozka lortu ditu, Urrategi Alberdik sei, eta zuriz bozkatu dute gainerako bik. Beraz, aurreko legegintzaldian izan den EH Bildu ordezkatuko du EAJk.

Alkate berriak adierazi du, behin aginte makila eskuetan izanda, lanerako pronto dagoela:

"Bide luzea izan da, baina bide zailena gaur hasten da. Gauzak fin, garbi eta akordioz aurrera eramango ditugu. Herriak bere jabetasuna gure eskuetan utzi du, eta orain, guri dagokigu, herriaren nahiak aurrera eramateko ardura. 

Alderdikeriak alde batera utziko ditugu, eta herriarentzat lan egingo dugu. Elkarrekin gehiago hitz egingo dugu, apaltasunez eta errespetuz, eta pertsonak lehenetsiko ditugu.

Nahiz eta denbora zailak bizi, herriari bira emateko gai izango gara". 

Bestalde, Urrategi Alberdik EH Bilduko egungo alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie, lau urte hauetan beraiekin lanean jardun duten zinegotzi eta Udaleko langile guztiei eta Udal politiketan parte hartu duten herritar guztiei.

"Denon artean aurrerapauso handiak eman ditugu, bai ingurumenaren alde, bai gardentasunean, parte-hartzean, gobernu irekian eta baita herritarren ongizatean ere. Herria denon artean eraikitzea izan da gure nahia. Politika egiteko bide berri bat landu dugu, eta bide horretan korporazio eta alkate berriak bidelagun izango gaituzue".

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide