EAJk gehiengo osoz irabazi ditu 2015eko Udal Hauteskundeak. Lau urtez oposizioan egon ondoren, Azkoitiko Udala berreskuratuko dute jeltzaleek. Javier Zubizarreta Xantue izango da alkate datozen lau urteotan.
Zubizarretak Maxixatzen.eus-i esan dionez, "emaitzak ikusita, argi dago herriak gugan konfiantza osoa jarri duela. Helduen botoak ez ezik, gazteenak ere geureganatu ditugu".
"Agindutakoa betetzea da orain gure lana, eta gure indar guztiak jarriko ditugu horretan. Lan-talde oso ona dugu, eta badakit lan ona egingo dugula denon artean. Herriari eskerrik asko ematea besterik ez zaigu gelditzen", adierazi du.
EH Bildu koalizioak, berriz, "emaitza txarrak" onartu eta datozen egunotarako utzi dute hausnarketa sakonagoa. "Alderdi bezala emaitza txarrak onartzen ditugu. Proiektu ezkertiar eta abertzalea lantzen jarraituko dugu, kalean eta Udalean ahalik eta indar gehiena biltzeko", esan dute.
Azkoitia Baik ere, emaitzak ez direla onak izan aitortu du. EAJren emaitzak ikusita, oposiziotik "lan gutxi egiteko aukera" egongo dela esan du taldeak. "Azkoitia Bairen lan-taldea indartsu dago eta lanean gogotsu jarraituko dugu. Xantueri zorionak emateaz gain, besteekin elkarlanerako borondaterik duen galdetuko genioke. Orain arte ez dugu berarekin elkartzeko aukerarik izan. Ea hemendik aurrera gurekin biltzeko tartea hartzen duen", esan du Azkoitia Baik.
Botoen %100 zenbatuta, ia mila botoko aldea atera dio EAJk Bilduri. Parte-hartzea %69,31koa izan da.
2015eko UDAL HAUTESKUNDEEN EMAITZAK:
BOTOAK | ZINEGOTZIAK | |||
---|---|---|---|---|
EAJ | 2.901 | %49,05 | 9 | |
EH Bildu | 1.946 | %32,90 | 6 | |
AZKOITIA BAI | 442 | %7,47 | 1 | |
PSE | 386 |
%6,53 |
1 | |
PP | 126 |
%2,13 |
Parte-hartzea | 5.979 | %69,31 |
---|---|---|
Abstentzioa | 2.648 | %30,69 |
Baliogabeak | 65 |
%1,09 |
Boto txuriak | 113 |
%1,91 |