Udal eta Foru Hauteskundeak

Etxaniz: 'Komunikazio bide berriak irekiko ditugu, herritarrek erabakitzeko aukera izan dezaten'

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 22a, 12:46

Jose Joquin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaia.

Jose Joaquin Etxaniz Azkoitia Baiko alkategaia elkarrizketatu du Maxixatzenek. Etxanizek azpimarratu du herritarren parte hartzea sustatuko dutela. Horretarako, Udaletxea herriari ireki, aholkulari sarea herritarrekin osatu eta komunikazio bide berriak irekiko dituzte. 

 

Zerk bultzatu zaitu beste lau urtez alkategai izatera?

Oso talde polita osatu dugu, eta taldean egiten den lanari etekina ateratzeko norbait behar genuen buru eta ahal bada udaletxean, baina dena den garbi daukat garrantzitsuena taldea dela.

Zein aholku jaso dituzu azken hilabete hauetan?

Gutxi, edo bat bera ere ez, bueno bat gogoratzen dut, alkateak kalean ibili behar duela herriko arazoak ezagutu eta zuzentzeko. Jende gehiena bere arazoak konpontzeko eskatzera gerturatzen da.

Nolako programa aurkeztu duzue?

Alderdi denetako programak onak dira, baina esan behar gurea ez dela sekula bukatzen, beti irekita dago, eta horregatik ematen diogu guk hainbesteko garrantzia parte hartzeari. Denon artean programa egiten jarraitu behar dugu etenik gabe eta herriko batzordeak herritar denei irekitzen. Animatu! Ziur zuk ere baduzula zerbait esateko.

Zein proiektu dira zuretzat garrantzitsuenak?

Garrantzitsuena herriaren parte hartzea, baina hurrengo legealdian zerbait egin beharko dugu eleiz- atariko eraikinarekin, datorren legealdian zinegotzi baten (alkatea ahal bada) ardura nagusia gai hau izatea proposatuko dugu.

Zein dira zuen lehentasunak?

Gure lehentasuna Udaletxea herriari irekitzea da, aholkulari sarea (herritarrekin) osatu, komunikazio bide berriak ireki, herritarrak informatu eta erabakitzeko aukera izan dezan batzorde irekietan.

Zer iritzi duzue meskitaren inguruan?

Jendeak bakean otoitz egiteko zentro bat izan behar lukeela. Beste herrietan ez dela arazorik egon diote eta azkoitiarrok ez dugu gutxiago izan behar. Eraikinaren inguruan, baldintzak betetzen badira, Udaletxetik baimena eman beharko zaio. 

Euskararen presentzia eta erabilera nola indartu daiteke?

Gure ustez Maxixatzenek garrantzi handia du eta euskara bultzatzeko ezinbestekoa ikusten dugu aldizkari hau astero herritar denei zabaltzea. Udaletik ateratzen den aldizkaria kendu eta hor gastatzen den dirua Maxixatzeni eman, lau urteko hitzarmena egin, eta Azkoitiarroi gehien gustatzen zaigun aldizkaria astero herritar denei zabaldu.

Herriko langabezia tasa jaisteko, zeintzuk dira zure asmoak?

Udaleko kontratazioetan herriko langabetuei eman lehentasuna eta herrian esleitzen diren proiektuetan, herriko langabetuak hartu arazi, puntuazio ona izatea nahi badute proiektu horretan parte hartzeko. Herriko enpresek herriko lanak egiteko, beren langileak herritarrak izatea ere puntuatuko genuke, Gipuzkoako hitzarmena betetzea, euskara planak izatea... eta herriaren alde egingo duten horrelako beste hainbat gauza ere.

Nekazaritzari dagokionez, zeintzuk dira zure proposamenak?

Landa lurren gaineko zergan hobariak proposatuko ditugu, beren lurrak landuko dituen beste pertsona batekin elkarbanatzen dituen lur jabeentzat. Ekintza honetan parte hartu nahi duten lur jabe eta lurrak landuko dituzten pertsonen inbentario bat bultzatuko da, Udaletik bi aldeak kontaktuan jartzeko. Elikagai osasuntsu eta bertakoen aldeko apustua bultzatuko dugu. Bertako baserri lurrak babestu, hazien herri biltegia, jangeletan herriko jakiek erabiltzeko kanpaina, herriko dendetan erostearen garrantzia azaldu, etab.

Zaborraren sistemarekin nolako neurriak hartuko dituzue?

Guretzat urrengo pausua gutxiago sortzearena izan behar du, eta nahi den erara %80 edo gehiago birziklatzea. Herriak esandakoari kasu egin. Bosgarren edukiontzia jarri (pardelena aprobetxatu agian) eta ondo funtzionatzen badu, alegia, birziklatze tasa jaisten ez bada, horrela jarraituko dugu. Gure helburu nagusia birziklatzea da, zein sistema ez zaigu hainbeste axola.

Eguneko Zentroa herriaren erdigunera ekartzeko proiektua zertan da?

Martxan dagoela dirudi, baina Udaletxea aldatzen bada auskalo. Gure ustez Zaharren egoitza herri erdira ekarri behar da, eta gure aiton-amonei bizi poz pixkat eman. Dena ezin bada ekarri aldi berean, gutxienez zati bat, adibidez, pertsona autonomoen apartamenduak.

Eliz atariko eraikinarekin zer egingo duzue?

Lehen esan bezala, urrengo legealdian zerbait egin beharra dagoela uste du gure taldeak: gune sozial bat, apartamendu tutelatuak zahar edo gazteentzat, egoitza, hizkuntza eskola...

Noren botoa zeuenganatu nahi duzue?

Azkoitiar denena, zahar eta gazteena. Denak behar ditugu elkarlanerako, bakoitzak bere lan taldeak sortu, eta bakoitzak gehien ezagutzen duenaren inguruan erabakiak hartzeko.

Zalantzan dagoenak zergatik bozkatu behar du Azkoitia Bai?

Lan talde polita osatu dugu eta arlo denatan aditua den norbait dugu taldean. Udaletxean Azkoitia eta azkoitiarrentzat bakarrik lan egingo duen talde bakarra gara,kanpoko beste inoren agindurik izango ez duena, Azkoitiko herriari soilik galdetuko diona.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide