Labur-labur azal iezaguzu zein proiektu dituzuen esku artean datorren legealdirako.
Gure programaren zutabe nagusiak hiru dira, eta sozialisten lehentasunekin bat datoz: lana, ekonomiaren garapena, eta zerbitzu sozialen mantenua.
Gainera, guk ahalegin berezia egingo dugu herriko kaleak txukuntzeko, aparkaleku berriak sortzeko (batez ere, Floreagan), igogailua ezartzeko Floreagan, eta berdeguneak eta jolas parkeen egoera hobetzeko.
Azpiegituei dagokionez, zein neurri hartuko dituzue?
Hondakinen kudeaketarako beharrezko azpiegiturak sortu eta eskualdeko komunikazio hobetuko dugu. Aldundiaren aldetik bideak ahaztuta egon dira, eta Zumarragarekin komunikatuta egotea ezinbestekoa da guretzat.
Azkoitia Lantzenek nola baldintzatu dezake etorkizunean Azkoitiko udala?
Azkoitia Lantzen eraikuntzara eta higiezinen agentzien sustapenera bideratuta dagoen udal sozietatea izanik, honen inguruko jarduera judizial guztiek ez dute batere laguntzen herritarren zein Udalaren gestioaren lasaitasunean, eta prozesu judizial hau amaierara iritsi arte zain egon behako dugu honek herrian izan duen eragin sozial eta ekonomikoak zein izan diren ikusi ahal izateko.
Meskitari buruz zein iritzi daukazu?
Meskitaren gaia Bilduren kudeaketa eskasaren beste adibideetako bat da. Bilduren kudeaketak ez du batere transparentziarik, eta Floregako bizilagunen aurrean aurpegia eman gabe ekintza politikoekin aurrera jarraitu nahi izan dute. Floreaga aparkamendu arazoak eta lohiz betetako gune asko dituen auzo bat baita.
Zaborraren sistemarekin zein neurri hartuko dituzue?
Sozialistok argi eta garbi esan dugu atez-ateko zabor bilketaren aurka gaudela, zabor bilketa eredu hau garestiagoa, zikinagoa, deserosoagoa eta sostengaezina baita. Ez gaude ados Bildukoek herritarrei entzun gabe inposatu duten sistema mistoa mantentzearekin. Gure ustez, sistema onena edukiontziena da. Hori dela eta, hondakin organikoa jasotzeko bosgarren edukiontziaren alde gaude, borondatezkoa eta txip bidezkoa, frogatuta baitago edukiontzien bidez posible dela gehiago birziklatzea eta birziklatze maila hobetzea. Ez dugu nahi inposaketarik.
Zer egingo duzue eliz atariko proiektuarekin?
Jada badago proiektu bat eraikin horri zuzenduta, baina Bilduk kaxa batean gorde zuen, eta ez da ezer gehiago jakin proiektuaz. Eraikina Azkoitiaren beharretara egokitzeko proiektu bat gauzatzea da gure asmoa, epe labur eta ertainean inbertsioa erretangarria izan dadin.
Akordioetarako prest al zaudete?
Igandeko emaitzak ikusi ondoren alderdiekin akordio posibleak erabakiko ditugu. Hasieratik argi izanda Bildurekin ez dugula inolako akordiorik sinatuko, aldaketa beharrezkoa ikusten baitugu lau urteko kudeaketa eskasa eta gero.
Nekazaritza arloan, zein proposamen dituzue?
Sozialistok landa garapen iraunkorra proposatzen dugu, herriko nekazal ekoizpenak eta banaketa indartzeko laguntzen bidez. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia estutuko dugu.
Baserrien garapena estimulatu behar da ekoizpen ekologikoen eta kalitatezko nekazal turismoaren bidez.
Zalantzan dagoen herritar batek zergatik bozkatu behar du PSOE?
EH Bilduk ez duelako Udal kudeaketa ona egin. Euskadiko Alderdi Sozialistak Azkoitia anitzago bat ordezkatzen du, ezkerreko politika aurrerakoi batetik bakarrik egin daiteke aurre egungo krisiari. Lan baldintza duinen alde borrokatu behar da, eta gutxietsita dauden pertsonak zerbitzu publiko kalitatezkoen bitartez artatu. Euskadi eta Espainia mailako politika sozialetako aurrerapen denak gobernu sozialistaren bitartez lortu izan dira.