Momentu ederra izan zen, ederra bezain gogorra, izan ere ordura arte urte luzez gure herria gobernatu zutenek ez ziguten batere erraza jarri. Gure harridurarako udalaren kontuak egoera larrian aurkitu genituen, 12 milioi euroko zorra agerian zegoen, eta horrek zaildu egin zigun gure proiektua abiaraztea.
Aurreko udal gobernuak Azkoitia Lantzenen eskutik egindako handikeriak eta operazio ilunak txukuntzen aritu behar izan genuen, izan ere Azkoitia Lantzenek bere bizkar zituen konpromiso eta betebeharrak oso larriak baitziren eta udalaren egoera ekonomikoa guztiz kezkagarria.
Ez ginen eskuak gurutzatuta geratu ordea, eta herria izan genuen horretan bidelagun. Azkoitiarrek erabaki zuten zegoen apurra zertan erabili eta herritar askoren sakrifizioari esker lortu dugu gaur egun udalaren egoera ekonomikoa hobeagoa izatea.
Egun hauetan Azkoitia albiste izan da Azpeitiko Instrukzio epaitegiak 2011 bitartean Azkoitia Lantzeneko lehendakari eta herriko alkate izan zenaren aurka irekita duen prozedura judizialarengatik. Ez dakit zertan geratuko den kontu hau guztia, baina argi azaldu nahi dut, kudeatzea tokatu zitzaigun garaian, gure esku zegoen informazio guztia jarri genuela ikerketa hasteko, eta gure konpromisoa beti izan dela arau-hauste eta ustelkeria zantzu guztiei aurre egitea.
Ez diot txarrik opa inori, baina guk gure lana besterik ez genuen egin, erantzukizunez eta ardura politikoz.
Nik nire bidea utzi nuen, orduan esan nuen bezala osasun arazoengatik. Guk lantaldea osatzen genuen ordea eta ez zen etenik egon, esku onetan geratu zen udaletxea. Pozgarria da niretzat Urrategi Alberdik eta bere lantaldeak egin duen lana ikustea eta pozgarria da baita ere proiektuarekin aurrera jarraitzeko Urrak duen ilusioa eta konpromisoa.
Urrategi eta berarekin batera aurkezten zareten gizon eta emakumeei nire babesa eta zorterik onena opa dizuet.
Aldaketari heldu genion duela lau urte eta ziur nahiz aldaketak jarrai dezan berme bakarra EHBildu bozkatzea dela.
Herritar guztiok animatu nahi zaituztet.
Maiatzaren 24ean Bozkatu EHBildu.
Aupa zuek!
Pello Bastarrika