Markel Olano EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia Azkoitian izan da gaur goizean. Jabier Zubizarreta Azkoitiko alkategai jeltzalea eta EAJren hautagaitzako hainbat kide alboan zituela, herriko plazan agerraldia egin du Olanok. Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena EAJren batzarkideek ere hartu dute parte ekitaldian.
Ahaldun nagusigaiaren hitzetan, "igande honetan herritarrek bi ereduen artean aukeratu beharko dute, hain zuzen ere, Bilduren paralisia eta inposizioaren ereduaren eta EAJ-PNVren ekintzen eta akordioaren ereduen artean".
Gogor kritikatu du Bilduren politika egiteko modua: "Bilduren eredua inposizioan oinarritzen da eta horren ikurra atez ateko bilketa sistema eta hondakinen kudeaketa izan da; eta aldiz, EAJ-PNVk Gipuzkoa gobernatzeko eredua berritzearen alde egiten du eta, horretarako, herritarrekin egongo gara, bere eskariak entzungo ditugu eta akordioak lortuko ditugu", nabarmendu du.
Hauteskunde kanpaina honetan EAJ herriz herri dabil hurrengo legealdian lehenetsiko dituzten 15 neurriak aurkezten, eta Azkoitian gaur 13. proposamena aurkeztu dute. Nazioarteko kamioilariei ordainarazteko sistema ezartzea proposatu dute jeltzaleek. Olanoren irudikoz, legealdi honetan "Bilduren porrotik handienetako bat errepideen finantzazioaren kudeaketa izan da". "Europan beste inon ez da gertatzen Gipuzkoan gertatzen dena, alegia, Bilduk ez du inorekin akordiorik lortu nazioarteko kamioilariei Gipuzkoa zeharkatzeagatik ordaindu arazteko”, gaineratu du. Olanok konpromisoa hartu du Irunen eta Etxegaraten nazioarteko kamioien matrikulak irakurtzeko sistema jartzeko.
Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidea hobetzeko lanak egingo dituztela ere agindu du. "Eskualdearentzako errepide oso garrantzitsua da, bai lanera joateko, bai, beste zerbitzuak medio, Zumarragako ospitalera irisgarritasuna hobetzeko", zehaztu du.
Bestalde, N-1 eta AP-8 errepideak berritzeko obrak egitea eta garraio publikoa sustatzea ere euren lehentasunetan daudela ziurtatu du