Asier Aranbarrik Etika Batzordearen esku utzi du bere inputazioaren auzia; 'lasai' dagoela jakinarazi dio Hitzari

Hitza.eus eta Maxixatzen.eus 2015ko mai. 13a, 11:17

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Ekainaren 10ean deklaratu beharko du Azpeitiko auzitegian, goizeko 10:00etan. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia saileko aholkularia da.

 

Asier Aranbarri Azkoitiko alkate ohia inputatu dute,  lurralde eta ingurumen antolaketa delitua leporatuta.  Berri agentziek zabaldu dutenez, Azkoitia Lantzen S.A. erakundeko legezko ordezkari bezala  egindako hainbat operaziotan atzemandako irregulartasunengatik deklaratzera deitu du epaileak, iruzurra egin, diru publikoa bidegabe erabili eta dokumentuak faltsutu dituelakoan.

2003 eta 2011 artean izan zen alkate Aranbarri, EAJ alderditik. Gaur egun, aholkularia da Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia sailean; Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen taldean egiten du lan.

Azkoitia Lantzen sozietatearen jokabidean atzemandako irregulartasun batzuen harira hasi zen prozesua. Txalon Errekako 6,6 milioi euroko eta 3,4 milioi euroko bi lur-sailen salmenta da ikertzen ari direna, agentziek zabaldu dutenez. Ikerketaren arabera, "lurzorua 10 milioi euroren truke saldu zen, administrazioaren espedienterik gabe eta operazioa justifikatuko lukeen txostenik gabe; eta prezioa justifikatuko lukeen baloraziorik ere ez dago".

Kontuen Auzitegiak merkataritza-sozietate batekin izenpetutako beste kontratu bat ere aipatzen du bere txostenean.  Horren arabera, lur-sail bat erosteko eskubidea aitortu zitzaion 4 milioi euroren truke, baina ez zen horretarako balorazio txostenik egin.

Jaurlaritzaren aholkularia den aldetik, Aranbarrik Etika Publikoaren Batzordearen esku utzi du bere inputazioaren auzia. Erkorekaren sailetik jakitera eman dutenez, inputazioaren berri izan orduko, Herri Administrazio eta Justizia saila jakinaren gainean jarri zuen alkate ohiak, 2013an onartutako Kode Etikoak horrelako kasuetarako agintzen duen modura.  Etika Batzordeari dagokio orain gaia aztertzea.

Asier Aranbarri Azkoitiko EAJko Uri Buru Batzarreko presidentea ere bada. EAJk 2015eko Udal eta Foru Hauteskundeetara aurkeztu duen hautagaitzaren aurkezpen-ekitaldian hartu zuen parte, berak izan duelako taldea osatzearen ardura.

"Lasai" dago Aranbarri

Aranbarrirekin hitz egin du Hitzak, eta azaldu du "oso lasai" dagoela, ez duelako "ezer ezkutatzeko". "Pertsona juridiko bezala bidali didate zizatzioa, Azkoitia Lantzen-eko lehendakaria izan nintzelako, ez da inputazio pertsonal bat, eta hori argi utzi behar da", azaldu du. Aranbarriren arabera, udalak kontu horren "erabilpena" egin du "kanpaina garaian".

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide