Gorosabel zinegotziaren baserriko obren azalpenak eman ditu EH Bilduk: 'Gauzak ondo egin ditugu'

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 4a, 17:19

Argazkian: Joxe Sarasua zinegotzia, Itxaso Mendizabal zinegotzia, Urrategi Alberdi eta Esther Lizarralde zinegotzia.

Gaur eguerdian prentsaurrekoa eman du EH Bilduk, maiatzaren 1ean EAJk argitaratu zuen Morokoaundi baserriko informazioaren inguruan herritarrei azalpenak emateko. Urrategi Alberdi herriko alkateak Udal Gobernu osoaren izenean hitz egin du, eta azpimarratu "gauzak ondo" egin dituztela eta "hasieratik hartu beharreko neurriak" hartu dituztela, edozein herritarri eskatu ohi zaion bezala.

 

Inaxio Gorosabelen baserrian egindako obren inguruan EAJren salaketa jaso zuen EH Bilduk urtarrilaren 31n, dekretu baten bidez, eta Alberdik gaia ikertzeko agindua eman zuen. Honako hau zioen dekretuak:

Lehena.

Azkoitiko udal zerbitzu teknikoei Mokoroaundi Baserriaren hirigintza-ikuskapena egin dezatela agintzea, ondoko hauek kontuan harturik:

- EAJ/PNV taldeak aurkezturiko idazkian aipatzen diren lanak, bereziki teilatua eta portxea.

- Teilatuan obra egin zuen Inaxio Gorosabelek. Obra txikia zelakoan baimena eskatu zuen baino lanean hasi zenean konturatu ziren bigarren bat ere konpondu behar zela. Horrek proiektua eskatzen du, baino teilatua zabalik zeukanez obrarekin jarraitzea erabaki zuen zegokion baimena eskatu gabe. Espedientea hasi aurretik teilatuko obra legeztatzeko proiektua aurkeztuta zeukan.

- Baserriko fatxadari erantsitako estalpea 2010ean egindakoa da.

Bigarrena.

- Baserriko jabetzari errekerimendua luzatzea, aipatu ikuskatze-lanen gauzatzea utz dezala, beharrezkoa den laguntza emanez.

Hirugarrena.

Ikuskapena egin ondoren, udal Zerbitzu Teknikoei eta Idazkariari dagozkien txostenak eskatzea, ondoko hauek zehazteko:

- Morokoaundi Baserrian udal baimenik gabeko lanak gauzatu al diren ala ez, eta baiezko kasuan, horien zehaztapenak eman ditzaten: deskribapena, ezaugarriak, datak, etab.

- Egindako lanak legeztagarriak diren ala ez zehaztea, eta baiezko kasuan, jarraitu beharreko jardunbidea.

- Izapidetu beharreko bestelako espedienteak, bere kasuan, horien artean, hirigintzako zehapen-prozedura.

Laugarrena.

Erabaki horien berri ondoko hauei ematea:

- Azkoitiko udaleko Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Departamentuko Arduradunari eta Udal Idazkariari.

- Mokoroaundi baserriko jabetzari.

- EAJ/PNV taldeari

Ikuskapen bisita egin ondoren txosten tekniko eta juridikoa prestatzen ibili dira udal teknikariak, eta bukaerako txostena apirilaren 30ean (epe barruan) osatu zuten. 

Momentu honetan mahai gainean duten txostenaren ondorioz, hiru espediente zabaldu dituzte:

1- Teilatu erdiaren eraberritzeko lanak legeztatzeko espedientea irekitzen da orain.

2- Baserriko fatxadari erantsitako estalpeari dagokionez gure teknikoen iritziz legeztaezina da, baina hilabeteko epea ematen zaio Inaxio Gorosabeli bestelakorik demostratzeko. Foru aldundira ere kontsulta bideratu da. Estalpea traktorea eta lastoa gordetzeko erabiltzen du.

3- Hirigintza diziplinako espediente zigortzaileari hasiera ematen zaio baimenik gabeko obrak exekutatzeagatik.

Bestalde, herriko alkateak azaldu du Inaxio Gorosabelek dituen obra eta zerbitzuetako delegazioa eta arlo horretako ardurak "bere esku" utzi dituela "txostena irakurri bezain laister".

Bukatzeko, salatu nahi izan dute "EAJk informazioa horrela kaleratzea ez dela, gutxienik, etikoa, jakinda, gai honen inguruan neurriak hartuta zeudela eta bere bidea segitzen ari zela".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide