Gorosabel zinegotziak bere baserrian 'lizentziarik gabe obrak' egin dituela uste du EAJk

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 1a, 14:42

EH Bilduko zinegotziak bere baserriko teilatuan eta portxean egin dituen obrak legez egin dituen jakiteko, argibideak txosten tekniko baten bidez eman ditzala eskatu dio Udalari EAJk.

Inaxio Gorosabel (EH Bildu) Azkoitiko Udaleko Obretako zinegotziak bere baserrian egin dituen azken obrak baimenik gabe egin dituela uste du Azkoitiko EAJk. Zalantzak argitzeko, lanen gaineko txosten-teknikoa ahalik eta azkarren jasotzeko eskaria egin die udal teknikariei EAJ alderdiak.

EH Bilduko zinegotziak "bere baserriko teilatuan egin dituen azken obretatik aparte, lehendik eginda duen portxea legeztatuta duen" eta "obra horiek egiteko lizentziarik bazuten ala ez" jakiteko txosten teknikoa eskatu dute jeltzaleek.

EAJk zabaldutako oharrean jasotzen denez, "pasa den urtarrilean Mokoroa baserriko obrei buruzko ziurtagiri txostena eskatu genuen" eta "hiru hilabete pasa ondoren, inolako erantzunik jaso ez dugunez eta hauteskunde kanpaina hasi aurretik", berriro "txosten teknikoa eskatu diegu udal teknikariei".

"Inaxio Gorosabelek egin dituen obrak legalki egin ez baditu, bere ondorio juridikoak zeintzuk diren jakinaraztea nahi dugu. Alegia, zer lege-hausteren aurrean egon gintezken jakitea eta honek dituen santzioen berri izatea", adierazi du EAJk.

Azkenik, lege-hautesterik balego, "espediente-zehatzailea ahalik eta azkarren martxan jartzeko eskaria" egin dute jeltzaeek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide