Atzoko aurkezpenera honako hauek bertaratu ziren: Jose Joakin Etxaniz, Ana Albizuri, Jose Antonio Hidalgo, Ana Zubizarreta, Julen Garate, Olalla Epelde eta Modesto Larrañaga.
Koalizioaren zerrendaburu den Etxanizek azpimarratu zuen datorren agintaldian udalaren funtzionamendua "goitik behera" aldatu nahi duela bere lantaldeak, horretarako "planteamendu berritzailea" plazaratuz. Besteak beste, udaleko batzordeetan parte hartzeko zinegotzi izateko derrigortasuna kendu nahi dute, interesa duten edo adituak diren herritarrei ere taldeko kide izateko aukera emanez: "Udaleko batzordeak soilik zinegotziek osatzeak asko mugatzen du parte hartzea, eta bereziki ordezkaritza txikiagoa daukagun taldeak (azken agintaldian Azkoitia Bai eta PSE-EE) kaltetzen ditu". Koalizioaren ustez, beraz, batzordeek udal hauteskundeen araberako ordezkaritza izan beharko lukete, eta herritar guztiei ere aukera eman beharko litzaieke.
Bestalde, parte hartzea sustatu nahi du Azkoitia Baik, eta herrian "aholkulari sarea" osatzeko asmoa daukate, hilero udaleko gai garrantzitsuenen informazioa jaso eta udalari ekarpenak egin diezazkion. Hain zuzen, Parte hartze batzordean urtarrilean proposatu zuten Udalak sarea osatzea, eta 2015ean 500 aholkulari lortzeko helburua daukate. Horrez gain, Udalak herri galdeketak urtero egin ditzan nahi dute. "Hondakinen bilketaren gainean egindako galdeketak izan dituen zailtasun formalak ikusita, beste era batera egin behar direla uste dugu". Galdeketa egitea baino, herritarrei "informazioa" eskatzea proposatu dute, parte hartzea errazteko asmoz.
Oraindik itxi gabe daukate hauteskundeetako programa, eta herritarren ekarpenetara zabalik daudela adierazi dute. "Programa beti herritarrei irekita egongo da". Dena den, aurreratu dute datorren agintaldian Nagusia 80.eko eraikina eraberritzeari emango diotela lehentasuna. Eliza atarian aldamioez estalita dagoen eraikinaren egoerari irtenbidea emateko, zinegotzi bat bideratzea eta, ahal bada, "alkatearen ardura" izatea proposatu dute, eta eraberritzearen jarraipena egiteko prest azaldu da koalizioa bera.
Irabazi koalizioak eta Batera herri plataformak osatzen dute Azkoitia Bai taldea, eta adierazi dutenez, oraindik ez dakite Podemos alderdiak babestuko al dituen; erantzunaren zain daude.
Hemen koalizioaren zerrenda-kideak:
IRABAZI-AZKOITIA BAI
1. JOSE JOAQUIN ETXANIZ
2. ANA ISABEL ALBIZURI AZKARATEASCASUA
3. JOSE ANTONIO HIDALGO MANGAS
4. ANA JESUS ZUBIZARRETA GOYA
5. JULEN GARATE AZPITARTE
6. NEREA MACHADO IPARRAGIRRE
7. OLALLA EPELDE AYERDI
8. JOSE JAVIER ALBIZURI AZKARATEAZKAZUA
9. ESTHER GANTZARAIN URIA
10. MIGUEL ANGEL ARRIETA SARASOLA
11. FELISA GOYA ARTOLA
12. IGNACIO CRUZ LARRAÑAGA LIZARRALDE
13. MIREN NEKANE SORALUZE BERISTAIN
14. JULIAN RUIZ REQUENA
15. MARIA JESUS ETXANIZ PEÑA
16. MIREN AZKUE GARATE
17. MARIA CONCEPCION GRANADO HORRILLO
Ordezkoak:
1. IÑIGO GARATE ARACAMA
2. MARIA LUISA IRIZAR SEGUROLA
3. MIREN SORKUNDE GARATE AZPITARTE