Maiatzaren 24ko Udal eta Foru Hauteskundeetarako aurkeztu duen hautagai-zerrenda eman du ezagutzera gaur Azkoitiko EAJk. Iazko ekainean jakinarazi zuten jeltzaleek Javier Zubizarreta izango zela zerrendaburua alkatetzarako. Horren ondorengoa Ana Azkoitia izango zela, berriz, otsailean iragarri zuten. Gaur zerrenda osoa aurkeztu dute jendaurrean, hamar emakumezkok eta hamar gizonezkok osatutakoa.
Elkargunean egin duten ekitaldian, Asier Aranbarri Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidente eta alkate ohiak, Javier Zubizarreta alkategaiak, Ana Azkoitia hautagaitzako kideak eta Mikel Zubizarreta zinegotzi jeltzaleak hitz egin dute.
Asier Aranbarrik hartu du hitza lehendabizi. Berak izan du "taldea osatzearen ardura" eta "emozionatuta" dagoela aitortu du. Azken bi urteotan "bizi poz" handiarekin osatutako hautagaitza dela nabarmendu du. "Hau ez da inprobisazioa, lan sakona dago atzean", esan du.
Jeltzaleena "azkoitiarren alde lan egiteko gogoak batutako taldea" dela adierazi du. Azken lau urteotan EAJko zinegotziek oposizioan egindako lana eskertuz amaitu du Aranbarrik bere agerraldia, Mikel Zubizarretaren lana bereziki. "Urte zailak izan dira, galerna gogorra izan da lau urteotakoa. Baina, eutsi egin diogu, eta hori Mikel Zubizarretak gidatu duen taldeari esker izan da", zehaztu du.
Mikel Zubizarretak ere, oposiziotik bere taldeak legealdi honetan egin duen lana eskertu eta nabarmendu du. Banan bana, zinegotzi bakoitzak egindako lana txalotu du. "Kritika asko jaso ditugu. Gu arriskatu egin ginen, eta horri eskerrak ditugu eraikin hau, kanpoko igerilekuak… Hemen arriskatzen ez denak ez du ezer egiten", adierazi du.
Ana Azkoitia zerrendakideak, bere aldetik,"ilusioz" hartu duela erronka berria azaldu du: "talde anitza eta gaztea osatu dugu. Perfil eta lan ezberdinetatik gatoz. Independenteak asko gara eta alderdi honetan babesa sentitzen dugu", azpimarratu du.
Javier Zubizarreta alkategaia izan da hitza hartzen azkena. "Pertsonak lehenetsiz, gobernu eta administrazio kudeaketa ona egiteko prestatutako talde" baten aurrean dagoela esan du. "Helburu politikorik" ez dutela eta "herrigintzan aritzera" datozela adierazi du. "Borondate hau, noski, kudeaketarekin eta baliabideekin lotu behar da", gaineratu du.
"Promesa faltsurik eta inposaketarik gabe" lan egin nahi dutela azpimarratu du. "Nazkatuta gaude sesio politikoez, besteetaz gaizki hitz egiteaz", esan du Zubizarretak.
"Azkoitirako programa on bat" dutela eta horren berri maiatzaren 7an, Elkargunean, emango dutela iragarri du alkategaiak. Aretoan bildutako jendetzaren txalo zaparradarekin amaitu da ekitaldia.
Hemen, EAJren zerrenda osoa:
1. JAVIER ZUBIZARRETA ZUBIZARRETA
2. ANA AZKOITIA URTEAGA
3. MIREN NEKANE LARRAÑAGA AIZPURU
4. MIGUEL ANGEL BASTIDA ARAMBARRI
5. ANGEL LUIS MARTIN RODRIGUEZ
6. SONIA VAZQUEZ TEJERINA
7. IMANOL ARRIZABALAGA LARRAÑAGA
8. ASIER LIZARRALDE ARAMENDI
9. MAITANE UNANUE AZKUE
10. MARI JOSE ARREGI ETXEBERRIA
11. MIKEL ZUBIZARRETA ORBEGOZO
12. BAKARNE USOBIAGA TXURRUKA.
13. MIKEL JUARISTI IZAGIRRE
14. YOLANDA LARRAÑAGA ARRIETA
15. JOSE MARIA ARRIETA JUARISTI .
16. MARIA CARMEN BLAZQUEZ JIMENEZ
17. JESUS ZUBIAURRE OLAIZOLA
Ordezkoak:
1. MARIA ARANZAZU LARRAÑAGA ARRIZABALAGA
2. PELLO LARRAÑAGA BASTIDA
3. MARIA CONCEPCION ZUBILLAGA ALBERDI