Badator Azkoitiko I. gazte eguna

Maxixatzen.eus 2015ko api. 15a, 12:43

Azkoitiko lehen gazte eguna izango da zapatuan, hilak 18. Txupinazoarekin emango diote hasiera Balda plazan, 11:00etan, eta berehala, jokoetan parte hartzeko aukera egongo da. Horrez gain, gauean, Ze esatek taldeak joko du, besteak beste.

Iazko udaberrian Gaztien herrixe moiu ipurdixe partaidetza prozesuan herriko gazteak elkartu ziren, eta Gazteen eguna antolatzeko konpromisoa hartu zuten bertaratutakoek. Udazkenetik gazteak eta Udala elkarlanean aritu dira, eta dena prest daukate zapaturako. 

Txupinazoarekin hasiko da eguna, 11:00etan, eta berehala jokoak izango dira plazan. Sei laguneko gazte taldeak elkarrekin lehiatuko dira, eta irabazleek sari berezia izango dute: astebukaera bat Bertizen eta abentura ekintza bat. Parte hartzeko izena eman behar da, Facebooken, Udaletxeko sarreran edo Gazte informazio bulegoan. Hortaz gain, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da.

Bestalde, Kontrako eztarrixe irratiak, Motolov irratsaio berezia egingo du goizean, Herriko plazan.

Horrez gain, parrillada ere egongo da Ikurriñaren plazan. Janaria norberak eraman beharko du, eta han txotxa egongo da. Arratsaldean, berriz, Azkoitiko Duatloia jokatuko da, eta gazteak bertara joango dira parte-hartzaileak animatzera. Azkenik, iluntzean, Ze Esatek taldearen kontzertua izango da Herriko plazan. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide