Herriko gazteak eta Udala elkarlanean ari dira Gazte Eguna antolatzen

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 31a, 10:39

Argazkia: Gaztien herrixe moiu ipurdixe 2014

Apirilaren 18an izango den Gazte Eguna antolatzen ari dira Gaztien herrixe moiu ipurdixe taldeko kideak eta Udala. Iaz egindako partaidetza prozesuaren ondoren talde eragile bat sortu zen, eta talde hori herriko gazteak aktibatzeko lanean ari da.

Egun osoko egitaraua antolatu dute; goizeko 11etan, txupinazoa botako dute Balda Plazan, eta jarraian hainbat jokotan parte hartzeko aukera egongo da. 11:30ean Molotov irratsaio berezia izango da, 13:00ean triki poteoa balda plazatik hasita, 14:30ean parrillada Ikurriñaren Plazan txotxarekin, 16:00etan Duatloia animatzera joango dira eta, azkenik, 23:00tatik aurrera Ze Esatek musika taldearen kontzertua egongo da Herriko Plazan. 

Bestalde, Gaztien herrixe moiu ipurdixe taldeko Iraitz Otañok azaldu digu parrilladako txartelak aste honetan jarriko dituztela salgai, eta txartelekin lortutako dirua ONG edo elkarte bati emango diotela.

Parrilladan parte hartu nahi dutenek, janaria erosi beharko du, eta parrillak antolatzaileek emango dizkiete. Gainera, txartelak erosita sagardo txota, plater konpostagarriak eta patxarana doan edukiko dituzte.

Azkenik, jokoetan parte hartzeko 17-30 urte bitarteko sei gaztez osatutako taldeek izena eman dezakete, apirilaren 12 baino lehen. Talde irabazleari Bertizen asteburu bat oparituko diote.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide