18-35 urte bitarteko gazteen artean etxebizitzak alokatzeko epea zabaldu du Azkoitiko Udalak, gazteei beren emantzipazio bidean laguntzeko xedearekin. Horretaz gain, alokairuko etxebizitzak sustatzeko asmoa ere izan du.
Eskaera onartzeko unean, kontuan hartuko diren hainbat baldintza dira honako hauek: jabetzan etxebizitzarik ez izatea, azkeneko hiru urtean Azkoitian erroldatuta egotea, eta Etxebiden, Etxebizitzaren euskal zerbitzuan izena emanda izatea. Diru-laguntzen zenbatekoa errentaren arabera neurtuko da, eta hileko muga 350 eurokoa izango da. Bestalde, alde zaharrean dauden etxebizitzak errentan hartzen dituztenek eta %65eko ezgaitasuna dutenek diru-laguntza handiagoak izango dituzte.
Diru laguntzen ordainketa hiru hilean behin egingo da, eta lehen ordainketa uztailaren 24ean gauzatuko da.
Etxebizitzak bete beharreko baldintzei dagokionez, bizigarritasun baldintzak betetzea ezinbestekoa da, hala nola, erabiltzeko moduan dagoen sukaldea edukitzea, erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistema izatea, etab.
Alokairua sustatzeko hiru laguntza mota
Udalak Azkoitian alokairua bultzatzeko asmoarekin hiru diru-laguntza mota jarri ditu abian: aipatutako gazteenaz gain, etxejabeek etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko diru laguntzak eta lokal komertzialak errentan hartzekoak.