Leire Juaristi: "Ez dago eklipseari begiratzeko denbora tarte segururik"

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 8a

Leire Juaristi oftalmologoa kontsultan. (Utzitakoa)

Donostia Ospitaleko oftalmologoa da Leire Juaristi (Azpeitia, 1990), eta datorren asteko eguzki eklipsea behatzeko neurriak hartzearen garrantziaz azpimarratu du hark. Izan ere, adierazi duenez, eklipsea ikusteko babes neurririk ez hartzeak kaltea eragin dezake erretinan. "Kaltea behin betikoa izaten da, eta ez dago tratatzerik", zehaztu du.

Zer arrisku du eguzki eklipseari zuzenean babesik gabe begiratzeak?

Eguzkiaren argiari begiratzearen ondorioz, kaltetu egin daitezke begi barruan, erretinan, argia jasotzen duten zelula fotohartzaileak. Zelula fotohartzaile horiek neuronak dira, eta beraz, behin kaltetuta, ez dira birsortzen. Kaltea behin betikoa izaten da, eta ez dago tratatu ahal izateko farmakorik edo kirurgiarik. 

Segundo batzuetan begiratzea aski al da begietan eragiteko?

Ez dago eklipseari begiratzeko denbora tarte segururik; segundo gutxi batzuk nahikoa izan daitezke erretinan kaltea eragiteko. Eguzki erretinopatia (makulopatia) deitzen zaio kalte horri.

Eguzkiari zuzenean begiratzeak ere sortzen ditu kalteak begietan, baina zergatik da hain arriskutsua eklipseari begiratzea?

Iluntasunarekin fotofobia edo argiarekiko molestia gutxitu egiten da, eta ondorioz, behar baino denbora gehiago egon gaitezke eklipseari begira. Izan ere, eroso senti gaitezke fotofobiarik gabe. Iluntasunean begietako pupilak dilatatu egiten dira, argi gehiago sartzen da, eta kaltea areagotu egiten da.

Zer kalte eragin ditzake, zehazki?

Erretinari egindako kalteak ez du minik ematen. Esposizioaren osteko orduetan agertzen den sintoma ikusmen galera izaten da. Sintoma horiek, baina, askotarikoak izan daitezke: besteak beste, eskotoma edo puntu itxu bat izatea ikusmen eremuaren erdigunean, metamorfopsia (ondulatu ikustea), mikropsia edo makropsia (erdigunea txikiago edo handiago ikustea) edota diskromatopsia (koloreak ez ondo bereiztea).

Eklipsea gisako fenomenoen ostean, ohi baino jende gehiago artatzen al duzue ospitaleetan?

Eguzki erretinopatia kasuak izaten ditugu tarteka, baina ez dira oso ohikoak. Dena den, eklipsearen gisako fenomeno bat gertatzen denean, areagotu egiten da arriskua. Ondorioz, eklipsea ikusi nahi duen jendeari ongi informatzeko eta prestatzeko aholkatuko nioke; homologatutako filtroak erabilitzeko esango nioke, albo kalteak oso larriak izan daitezkeelako.

Bestalde, antzeko fenomeno bati aipamena egitea gustatuko litzaidake. Izan ere, laserrak ere eragiten ditu kalteak. Seguruak ez diren laser puntek segundo gutxitan erre dezakete makula eta behin betiko ikusmen galera eragin. Laserrarekin jolasean ibiltzearen ondoriozko kasuak ikusten ditugu; askotan umeak izaten dira, gainera. Beraz, eklipsearen gaiari lotuta babes neurriez hainbeste hitz egiten den honetan, laserrarekin ere kontu handiz ibiltzea aholkatuko nuke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide