Gukak jolas berezi bat izan du martxan Realaren Espainiako Errege Kopako finala tarteko. Finaleko emaitza zehatza asmatzea eskatzen zitzaien parte hartzaileei, Gukak Igor Zubeldia eta Unai Marrero Realeko jokalarien kamisetak baitzituen zozkatzeko.
Arauzko 90 minutuak jokatu eta gero, lehia berdinduta zegoen, 2-2 emaitzarekin. Luzapena jokatu behar izan zuten orduan Atletico Madrilek eta Realak, baina ordu erdi horretan ez zen bi taldeetako inor gola egiteko gai izan. Hori hala, penaltietan erabaki zen Espainiako Errege Kopako finala, eta txuri-urdinak nagusitu ziren, Marrero atezain azpeitiarrak egindako bi geldituri esker.
Guztira, 630 lagunek parte hartu dute Gukaren porran, eta hamarrek asmatu dute emaitza zuzena: 2-2, eta penaltietan Reala nagusi. Hamar asmatzaile horien artean zozketa egin eta gero, Gukak zehaztu ditu kamiseten irabazleak: Eneko Larrañagak Marreroren kamiseta jasoko du, eta Ander Pozok, Zubeldiarena.