2025eko errenta eta ondarea aitortzeko garaia hurreratzen ari da, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian beste urte batez.
Errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua urtez urte "gorantz" doala, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen "datuetatik urrun" dagoela adierazi du UEMAk, eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.
"Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera", adierazi dute.
Aitorpena egiteko hiru aukera edo modu daudela gogoratu du UEMAk, eta hiruretan euskara erabiltzeko argibideak eman ditu. Autolikidazioaren kasuan, proposamena jasotzerakoan, euskaraz egin nahi dela adierazi beharko da. Mekanizatuari dagokionez, hitzordua hartzerakoan harremanak euskaraz eduki nahi direla adieraziko zaio Ogasunari. Era horretan, harremana eta sinatzeko emango den orria euskaraz jaso ahal izango da. Aitorpena Internet bidez eginda, berriz, programaren euskarazko bertsioa jaitsi daiteke, eta berariazko hizkuntza euskara aukeratu. Aholkularitzaren bat aukeratzen bada, euskaraz egitea eskatu behar zaio, eta berdin beste modu batean eginda ere.