Martxoaren 8a

Kopuruz nahikoa parekide, baina agintez oraindik ez

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 11

(Lorea Diaz)

Legeak tarteko, erakunde publikoetako ordezkaritza politikoa nahikoa parekidea da. Dena den, goi karguetan gizonak gehiago dira oraindik ere. Alderdi banatakoak diren eta hainbat erakundetan arituak diren eskualdeko hiru emakumek beren bizipenak partekatu dituzte. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Gukak kaleratuko duen erreportaje sortako seigarren lana da honako hau. 

Aginte postuek, eta oro har, aginteak, gizon aurpegia izan dute historikoki. Arlo pribatuan nahiz publikoan, goi postuetan gizonak izan dira nagusi hamarkadaz hamarkada. Gaur egun, baina, nabari daitezke parekidetasun zantzuak Euskal Herriko erakunde publiko nagusietan; hala ere, oraindik ere, gizonak dira nagusi botere postuetan. Ondorio nabarmen bat atera daiteke 2021ean Eustatek emandako datuetatik: dikotomia nabarmena da kargu politikoak dituzten emakumeen inguruko datuetan. Izan ere, parekidetasuna %96,7koa da arlo publiko instituzionalean, baina arlo pribatuko goi karguetan –alderdietako kargu organikoak eta–, %32,2koa baino ez. 

Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako erakunde publikoetan azken bi hamarkadetan izan da garapena parekidetasunari dagokionez, eta horren erakusle dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean gaur egun emakumeak gizonak baino zertxobait gehiago izatea eta udaletako ordezkaritza parekidea izatea; Urola Kostan, adibidez, 2023ko udal bozen ostean, kargua hartu zuten 137 hautetsietatik 68 ziren emakumeak, erdiak baino bat gutxiago. Eta emakume alkateak gizonak baino askoz gutxiago dira gaur egun ere; Urola Kostan, 11tik lau (%36). Duela hamarkada bat Emakundek emandako datua da: hamar udaletatik bitan baino ez ziren emakumeak alkate Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur egun ere...

Politikagintzan emakumeak ugaritu egin dira, bai, azken urteetan, baina ez da kasualitatea eta ez da gizartea parekide bilakatu izanaren ondorioa; kremallera zerrendak deiturikoek eragin dute hori. 2024an Parekidetasun Legea onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta ordutik indarrean da Ordezkaritza Parekidearen lege organikoa. Horren ondorioz, alderdi guztiak legez behartuta daude 3.000 biztanletik gorako herrietako udaletarako nahiz gainerako erakunde publikoetarako hautes zerrenda parekideak osatzera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, lehenago hartu zuten neurri hori; Euskal Legean jasota dago gizon-emakumeen arteko oreka izan behar dela erabaki guneetan. 

Duela hamarkada batzuk hasi ziren emakume batzuk politikagintzan bidea egiten, eta pentsaerak pentsaera eta egiteko moduak egiteko modu, beste batzuek segitzen dute gaur egun haiek hasitako bidean. Hamarkada desberdinetan jaiotakoak izanagatik, bizitzaren une batean politikara jauzi egitea erabaki zuten hiru emakume elkartu ditu Gukak. 

"Zergatik ez?"

"Saltsa askotan" zebilen Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948) 70eko hamarkadaren bueltan, eta 1983. urtean, zinegotzi kargua hartu zuen Azpeitiko Udalean. EAJren taldeari batu zitzaion, independente gisa, Imanol Elias alkate zela. "Agintaldi hartan EAJren eta EAren arteko banaketa izan zen, eta gogorra izan bazen ere, oroitzapen zoragarriak dauzkat", esan du. 

Aurretik ere izan zen emakume zinegotziren bat edo beste Azpeitian, baina agintaldi hartan hiru izan zirela zehaztu du. Ia erabat gizonena zen udal hartan nola jardun zuten azaldu du: "Gizon zinegotzien parean egon nahi genuen gutxienez, eta horretarako, beraiek erabiltzen zituzten bideak erabiltzen genituen, baina zertan ari ginen asko pentsatu gabe. Izan ere, orain jabetzen naiz badagoela politika egiteko beste modu bat, emakumeok bai baitaukagu egiteko beste modu bat; hausnarketa eta talde lan gehiago...". Sasoi hartan matxismoa bizi izan zutela ere esan du: "Ez dakit matxismoa edo mikromatxismoa zen, baina gutxiesten gintuzten nolabait. 'Kulturakoak' ginela-eta esaten ziguten, eta nik esaten nien beraiek zementuarekin amets egiten zutela". 

Politikan aritu zen Aranburu 2013an erretiroa hartu zuenera arte, sartu-irtenean. Gipuzkoako Foru Aldundian Kultura diputatu izan zen bitan: 1991tik 1995era eta 2007tik 2011ra. Halaber, aldundiko Gizarte Zerbitzuen saileko zuzendari ere izan zen, baita aholkulari ere. Diputatu izateko pausoa ematerakoan senarrak emandako babesa ekarri du gogora: "Moldatuko ginela esan zidan, eta halaxe esan nuen baietz. Etxean babes izugarria izan nuen", adierazi du. Gipuzkoako aurreneko emakume diputatuak izan ziren Aranburu eta PSE-EEko Gemma Zabaleta. "Udaleko esperientzia ederra izan zen, baina diputaziokoa aberatsagoa".

"Gizonak inplikatu behar dira, parekidetasuna ez baita emakumeen kontua soilik; begiak ireki behar dituzte"

Maria Jesus Aranburu

Diputatu izan zen sasoian ere bizi izan zituen zatarkeria batzuk, emakume izate hutsarekin lotzen dituenak. Hala azaldu du: "Lehen aldi haietan, kazetari batzuek emakume izateagatik egin zizkidaten galdera batzuk... 'Honek zer esango ote du?' pentsatuz bezala begiratzen zidaten, eta kazetari haietako asko emakumeak ziren". Orduan ere gizonak ziren nagusi erakundeetan, eta gaur egun ere, zifrak zifra, lehengo lepotik burua, goi karguetan diren emakumeak "salbuespena" direlako: "Emakumeak gehiago dira gaur egun Eusko Legebiltzarrean, baina zenbatek irteten dute hitza hartzera? Zenbat emakume dira batzordeetako buru?".

Bide luzea dago oraindik egiteko, Aranbururen arabera, nahiz eta gaur egun neska zein mutil gazteek "ikasteko, bidaiatzeko, sortzeko aukera berberak" dituztela uste duen: "Hori horrela izanik ere, iristen da une bat, eta gizonek aurrera egiten dute eta emakume askok ez. Horretan hainbat gauzak eragiten dute, hala nola seme-alabak izateak, lanpostuaren eskakizunak... Emakumeek askotan beste gauza batzuei ematen diete lehentasuna, eta hori zergatik gertatzen den da gakoa". Politikari ohiak uste du emakumeengan ez ezik, gizonengan ere jarri behar dela arreta. "Gizonak inplikatu behar dira, parekidetasuna ez baita emakumeen kontua soilik; begiak ireki behar dituzte". Eta emakumeentzako ere badu mezu bat, berari asko lagundu diona: "Emakumeei askotan kostatu egiten zaie pausoa ematea. Baina nik zera esan izan dut: 'Zergatik ez?'. Proposamena egin badizute, zergatik ez?".

Ezkerretik eskuinera, Janire Igoa, Itziar Murua eta Maria Jesus Aranburu. (Lorea Diaz)

Oraindik ere...

2019an egin zuen politikarako urratsa Itziar Muruak (Zarautz, 1968). Politika beti "oso hurbiletik" jarraitu izan duen arren, ordura arte ez zuen kontaktu zuzenik izan; ordura arte, ez zuen sekula alderdi batean militatu. "Aita politikaria izan zen [Imanol Murua Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Zarauzko alkate izan zena], eta horrek politika hurbiletik bizitzera eraman ninduen ezinbestean", adierazi du. 

Duela zazpi urteko udal bozetan Zarauzko EH Bilduren zerrendaburua izan zen, eta ordutik Zarauzko Udaleko zinegotzia da, baita legebiltzarkide ere. Hark dioenez, politikara salto egin zuenetik bizitza "asko aldatu" zaio, nahiz eta gustura dagoen hartutako erabakiarekin. Hala eta guztiz ere, egin du aitorpen bat: "Batzuetan zera pentsatzen dut: 'Nik zer egiten dut hemen?'. Baina pozik nago, nire aletxoa jartzen ari naizela sentitzen dudalako".

Alkategai izateko proposamena egin zioten arte, ez zitzaion sekula otu pauso hori emango zuenik. "Buelta asko eman ondoren eta asko kostatuta" hartu zuen erabakia: "Alde batetik, lotsa ematen zidan neure burua publikoki azaltzeak; eta bestetik, eta batez ere, lana ondo ez egiteko beldurra nuen". Aurretik herriko ikastetxe bateko zuzendari izana zen, eta Muruak uste du horrek eragin ziola erabakia hartzerakoan: "Horrek eragina izan zuen, bai EH Bilduk eskaintza egiterakoan, bai nik baiezkoa ematerakoan. Izan ere, aurrez lan hori egin izan ez banu, ez nintzateke egongo gaur egun nagoen tokian".

"Emakumeok gure gaitasuna zalantzan jartzeko joera handia daukagu; hori ez da kasualitatea"

Itziar Murua

Erakundeetan "legeak behartuta" emakumeen presentzia areagotu den arren, goi karguetan oraindik ere gizonak direla nagusi gogorarazi du Muruak: "Ikusi besterik ez dago legez parekide izatera behartuta ez dauden erakundeetan buru edo agintzen zein dauden. Oraindik ere oso ohikoa da erabakiak hartzen diren guneetako argazkietan gorbatadun gizonak agertzea". Zarauztarrak dioenez, alderdi politikoek gaiarekiko kontzientzia hartu badute ere, emakumeei, oro har, gehiago kostatzen zaie politikarako pausoa ematea. "Kontua da hori zergatik gertatzen den", gaineratu du, Aranbururen ildo beretik. 2023ko udal bozetarako zerrenda osatzerakoan bizi izandakoak ekarri ditu gogora: "Oso desberdinak izan ziren proposamena egin genien gizonen eta emakumeen erantzunak. Emakumeok gure gaitasuna zalantzan jartzeko joera handia daukagu, eta gizonek beste arrazoi batzuen arabera ematen dute baiezkoa edo ezezkoa: denbora, lana... Hori ez da kasualitatea; gizarteak eraman gaitu horretara, eta aldatu egin behar da".

Emakume izateagatik bazterketa oso nabarmenik ez du pairatu, baina Murua egunerokoan sentitu da desberdin tratatua. "Gauza sotilak dira, baina hor daude. Politikan gizon batzuek erabiltzen dute beste tonu bat nigana edo emakumeengana zuzentzerakoan, askoz ere gehiago hitz egiten dute bileretan, gizonen hitzak askotan gehiago balio izaten du erabakiak hartzerakoan... Horrelakoak oso presente daude oraindik ere", adierazi du. Baina zehaztapena egin du, segidan: "Ez dut uste hori politikagintzan bakarrik gertatzen denik, hori gizartean oro har egoera askotan ikusten da oraindik, zoritxarrez".

"Ezinbesteko tresna"

Janire Igoak (Azkoitia, 1992) 2016an hartu zuen PSE-EEko zinegotzi kargua Azkoitiko Udalean. Hark dioenez, ez zen egun batetik bestera hartutako erabakia izan politikan hastea, baina aspalditik zuen gizarte gaiekiko nahiz "herritarrei laguntzeko" interesa. Oso gazterik hasi zen politikan, bere esanetan, konpromisoak eta justizia soziala lortzeak bultzatuta. "Nire belaunaldiak berdintasunaren aldeko kontzientzia handiagoa du, baina, oraindik, gauza asko geratzen dira egiteko eta erronka handiak ditugu aurretik: etxebizitza, lan prekarietatea, larrialdi klimatikoa... Horietan eragiteko ezinbesteko tresna da politika, eta argi nuen ekarpena egin nahi nuela".

Gaztea eta emakumea izatea ez du "oztopo" gisa ikusten Igoak, "indargune" gisa baizik, baina aitortu du batzuetan emakumeek gaitasuna "gehiago justifikatu" behar izaten dutela, edo gutxienik, sentipen hori duela berak. "Horregatik da garrantzitsua Martxoaren 8a bezalako egunak egotea eta aldarrikatzea, oraindik ere lan ikaragarria baitago egiteko". Gainera, Igoarentzat ezinbestekoa da emakumeak erabakiak hartzen diren guneetan egotea: "Politika berdintasuna lortzeko ezinbesteko tresna da, eta berdintasunaren arabera nabarmen aldatzen da politika egiteko modua".

"Berdintasunerako ezinbestekoa da politika, eta berdintasunaren arabera, aldatu egiten da politika"

Janire Igoa

Igoaren aburuz, emakumeek aginte postuak hartu izanak eragin du politikan; aniztasunak politika "aberastu" egin duela uste du. "Politikan emakume gehiago aritzeak beste lehentasun batzuk mahai gainean jartzea ekarri du: zaintza, berdintasuna, indarkeria matxistaren kontrako politikak... Baina garrantzitsuena ez da emakume izatea, egiten den bidean ikuspegi feminista txertatzea baizik".

Azkoitiarrak azaldu duenez, betidanik izan ditu ondoan berarentzat eredu izan diren emakumeak, eta amama izan da horietan garrantzitsuena. "Gizarte matxista batean bizi izan zen hamarkada askotan, baina emakumeek egin duten lana eta duten garrantzia defendatu izan ditu beti. Balio horiek transmititu dizkigu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide