Laugarrenez jarri dute ikusgai Kepa Zabalegi zarauztarrak eta Eli Alkorta iraetarrak bertako hostoen eta hazien bilduma. Oraingoan Azkoitian egin du geldialdia haien mostrak, atzotik Portaleburu aretoan baitaude ikusgai 165 hosto eta hazi espezie, beren fitxa nahiz azalpen eta guzti. Gaur eta bihar nahiz datorren asteburuan ere ikusgai izango da erakusketa.
Urola Bizirik elkarteak antolatu du erakusketa, eta atzo ateak zabaldu orduko piztu zuen herritarren jakin mina; asko izan ziren aretora sartu eta erakusketa ikusi zutenak. Portaleburuko atea gurutzatu orduko, "Zestoa inguruko zuhaitz eta zuhaixka hostoen eta hazien bilduma" irakur daiteke kartel batean, eta hala da. Izan ere, bildumako langinak Azkoitia eta Zarautz artean bilduak dira. "Denetarik daukagu inguruotan: kanpoko espezieak, inbaditzaileak, eta autoktonoak ere bai, baina gero eta gutxiago", esan du Zabalegik.
Bildu dituzten espezieen laginen artean badira batzuk bereziak, Zabalegik azaldu duenez: "Ginkgo biloba da horietako bat, Glaziazioaren aurretik kontserbatu den espezie bakarretarikoa. Azpeitian, Loiolako hiribidean, halako hogei bat zuhaitz badaude. Bestalde, pikondoa aipatuko nuke; izan ere, ez diogu garrantzirik ematen. Kristo Aurretik 2.000 urtea baino lehenagokoa da espezie hori, eta esaten dute landatu zen aurreneko zuhaitza izan zela. Begira orain zenbat halako dauden".
2022an hasi ziren Zabalegi eta Alkorta hostoak biltzen, eta pixkanaka-pixkanaka osatu dute bilduma. Prozesuak eskatzen du denbora; izan ere, modu jakin batean lehortu behar izaten dira hostoak. Hala azaldu du Alkortak prozesua: "Metodikoa da lana; egunkari orrien artean sartzen dira hostoak, eta egun batzuk igarota, atera eta beste orri batzuen artean sartu behar izaten dira. Izugarri aldatzen dira hostoak prozesu horretan, eta erakusketetan jarri eta gero ere bai; halakoetan galdu egiten dira".
Lehortze prozesua bukatuta, fitxak osatu behar izaten dituzte, eta horrek ere badu bere lana; izan ere, informazioa bildu, txukundu eta ondu egin behar izaten dute. Alkortak dioenez, milaka hosto aurki daitezke han eta hemen, eta "bat bera ere ez berdina". Izan ere, hark azaldu duenez, askotariko puntak, koloreak, formak... dituzte. "Mundu bat da", esan du. Halaber, Zabalegik natur baliabideei buruz duen jakintza azpimarratu nahi izan du hark: "Ikaragarri daki. Pentsa, zuhaitz izenak ez ezik, horien izen zientifiko ia denak dakizki buruz".
Bizitza, bildumei eskainia
Bizitza guztia darama Zabalegik naturarekin zer ikusia duten bildumak egiten. Besteak beste, itsasoari loturikoa egina da, baita perretxikoena eta tximeletena ere. Aitarekin hasi zen bildumak osatzen, gaztea zela: "Mutil koskorretan asko joaten nintzen aitarekin mendira, perretxikoetara, eta gero, gaztetan, Zarauzko Izadi natur taldean hasi nintzen. Perretxikoen bildumekin hasi baginen ere, landareak batzeari ekin genion gero". Alkortak dioenez, Zabalegi hasi zen bildumak osatzen, baina bera ere kateatu egin du lan horiek.
Badu, baina, urteotan osatu duen bildumen artean bat gogoangarria zarauztarrak: itsasoari lotutakoa. Moluskuak, arrainak, itsaskiak, txirlak, algak... biltzen aritu ziren aita eta biak urteetan. "Formolarekin eta urarekin sartzen genituen bizidunak potoetan, eta guztira, 45etik gora-edo izango genituen". Aitak ere gustura jardun zuela bilketa lanean azaldu du Zabalegik.
165 espezieren hostoak eta haziak jarri dituzte ikusgai senar-emazteek Azkoitian, baina dagoeneko badituzte bildumara gehitzeko beste 35 lagin ere. "Horien fitxak-eta egiten ari naiz. Denbora behar izaten da horiek egiteko, eta...". 200 lagin prest dituztenean beste erakusketa bat egitea gustatuko litzaiekeela esan du Alkortak, "posible baldin bada" behinik behin.