Zabalik dago Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen udalekuetan eta gazte oporraldian izena emateko epea. Gipuzkoako haurrei eta nerabeei aisialdi hezitzaileaz gozatzeko aukera emateko xedez antolatu ditu erakundeak bi egitasmoak: 7 eta 13 urte bitarteko haurrek gozatu ahal izango dute udalekuez, eta 14 eta 17 urte bitarteko gazteek, berriz, gazte oporraldiaz.
Gipuzkoan, guztira, 1.010 plaza eskainiko dituzte udalekuetan, eta zazpi eguneko txandak egingo dituzte uztailaren 1etik 29ra bitartean. 7 eta 13 urte bitarteko gaztetxoek hamabost udalekutara joateko aukera izango dute: Txurruka (Orio, Gipuzkoa), Zarautz Juan Sebastian Elkano (Hondarribia, Gipuzkoa), Abaraxka (Azkoitia, Gipuzkoa), Irrisarriland (Igantzi, Nafarroa), Zuhatza (Gasteiz), Barria (Barria, Araba), Espejo (Espejo, Araba), La Arboleda (Trapagaran, Bizkaia), Gorliz (Gorliz, Bizkaia), Lurraska (Ajangiz, Bizkaia), Meakaur (Morga, Bizkaia), Lapurreketa (Dima, Bizkaia), Kattalin (Legasa, Nafarroa), eta zehazteko duten beste bat.
Gazte oporraldiaren programak, berriz, 371 plaza eskaintzen ditu Gipuzkoa, 14 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta; zazpi, hamar, 11 eta hamabi eguneko oporraldiak gauzatu ahal izango dituzte horiek, uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitartean. Espainian igaro ahal izango dituzte oporraldiak, hala nola Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Aragoin eta Madrilen. Askotariko jarduerak egingo dituzte gazteek: kanoien jaitsiera, rafting, via ferrata, natura jarduera, surfa, urpekaritza, paddle surf... Gainera, musikari eta arte eszenikoei lotutako udalekuak ere izango dira.
Isaac Palencia aldundiko Gaztearia zuzendariak adierazi duenez, bi programek hiru hamarkada daramatzate garatzen, eta Gipuzkoako milaka gaztek gozatu dute egitasmoaz. "Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu adingabeei garapen pertsonalerako eta kolektiborako espazioa ematen jarraitzea, euskararen erabilera, errespetuzko bizikidetza eta genero berdintasuna sustatzeko".
Izen-ematea, zabalik
Izena emateko prozesua gaur zabaldu du aldundiak, eta martxoaren 28ra arte izango dute herritarrek izena emateko aukera, Gaztegunean (Donostia) edo Interneten. Izen emate epea bukatzean, udalekuetako plazen zozketa egingo dute notarioaren aurrean; apirilaren 3an egingo dute.
Udalekuetan aurreko urteetan parte hartu ez dutenei lehentasuna emanda gauzatuko du erakundeak, ahalik eta haur eta gazte gehienek izan dezaten horiez gozatzeko aukera.
Aurkeztu beharreko dokumentazioari eta prezioei buruzko informazio guztia, honako lotura honetan.