Martxoaren 12an Azkoitian egingo dute Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka

Julene Frantzesena 2025ko ots. 26a, 08:21

Iazko azokako irudi bat.

Egitasmoaren bigarren aldia izango da aurtengoa. Herritarrek Lanbide Heziketa nahiz enplegu eskaintzaren gaineko informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute. 10:00etatik 17:00etara egingo dute azoka, Elkargunean. 

Azkoitian egingo dute aurten Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka. Martxoaren 12an, asteazkenez, izango da egitasmoaren bigarren aldia –iaz Zarautzen egin zuten–, eta herritarrek 10:00etatik 17:00etara eskualdeko eskaintzaren gaineko informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute Elkargunean.

Urola Kostako eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, garapen agentziek eta Lanbidek antolatu dute azoka talentua sortzeko, erakartzeko eta mantentzeko xedez. Hain zuzen ere, Iraurgi Berritzeneko, Urola Kostako Udal Elkarteko, Lanbideko, Monte Albertia LHIIko, Oteiza lizeo politeknikoko, Zumaia BHIko, Oinarrizko Lanbide Heziketako, Izarraitz Lanbide Heziketako nahiz Aiala sukaldaritza eskolako kideek beren eskaintzaren berri emateko baliatuko dute azoka.

Goizean, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleak joango dira azokara; ia 600 gaztek parte hartuko dute. Dena den, azokara nahi duen herritar orok joan ahal izango du. Izan ere, informazioa emateaz gain, azokan etengabeko prestakuntzarako aholkularitza ere eskainiko dute. Besteak beste, Lanbideko ziurtagiriak eskuratzeko, konpetentzien aitorpena egiteko nahiz ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa den informazioa emango diete hala nahi duten herritarrei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide