Urak dakarrena

Hartz zuria etxe atarian

Gorka Zabaleta 2024ko abe. 4a, 10:05

2014ko itsasaldiak Zarauzko malekoian eragindako kalteak. (Amaia Ventas)

Itsasoaren mailaren igoerak euskal kostaldeko herrietan eragin ditzakeen kalteak aztertu dituzte Kostaegoki programaren barruan. Orio eta Zumaia ageri dira kaltetuenen artean.

Itsas mailaren igoera da klima aldaketa eragiten ari den ondorio kezkagarrienetako bat, munduko populazioaren erdia bizi baita kostaldean. Dagoeneko jakina da Vanuatuko uharteak desagertzeko zorian daudela, Ozeano Bareak irentsita; hamaika aldiz argitaratu da glaziarrak azkenetan daudela, Argentinako Perito Morenoko izotz jausiak turistentzako atrakzio goren bihurtu diren arren; eta, nork ez du gogoan hartz zuri naufragoaren irudi ikonikoa? Itsasoa gora datorrela eta gorago etorriko dela, hori nahikoa bider azaldu dute IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko zientzialariek. Orain arte, urrutiko arriskutzat hartu da, baina kontzientzia falta hori aldatzen lagun dezake Kostaegoki egitasmoak. Lan horri esker, herriz herri eta mapa zehatzen gainean ikus daiteke zer punturaino dauden euskal kostaldeko herriak arriskuan, Urola Kostakoak tartean. Klima aldaketaren hartz zuria etxe atariraino iritsi da.

"Itsas mailaren igoerak gure kostaldean izan ditzakeen ondorioak neurtzea eta kalteak leuntzeko neurriak proposatzea da Kostaegoki proiektuaren helburu nagusia", hasi da azaltzen Aztiko ikerlari Andrea del Campo. Kostaegoki proiektuko lehen zatian parte hartu du Aztiko lankideekin batera, arriskuen diagnosian, hain zuzen ere: "Euskal kostalderako propio egin den lehen azterketa da. Itsas mailaren igoerak eragingo dituen arriskuei buruzko informazio ahalik eta zehatzena eman nahi zaie herritarrei eta erakundeetako kudeatzaileei", gizartea arazoaz jabetu dadin eta agintariek neurriak har ditzaten. Helburu horietan laguntzeko, beste bi emaitza eman ditu Eusko Jaurlaritzak Ihoberen bidez bultzatutako lan horrek: "Alde batetik, guk Aztin egindako diagnosia osatzeko, bildu dugun informazio guztia mapa gainean ikusteko bisore bat landu du Estudios GIS enpresak. Edonork kontsulta dezake Internet bidez, eta norbera bizi den herrian itsasoaren igoerak zer eremu har ditzakeen ikus daiteke. Bestetik, diagnositik abiatuta, datorkigun egoera berrira egokitzeko orientabideak eta aholkuak landu ditu Tecnaliak".

Arriskuen aurreikuspena egiteko, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak itsasoaren mailaren igoerari buruz argitaratutako aurreikuspenak hartu dituzte abiapuntu. "Gure lanean, hamar agertoki aurreikusi eta landu ditugu. Lehenengo biek gaur egungo egoerari erreparatzen diote, eta besteak 2050 eta 2100 urteei begira kalkulatu ditugu, betiere IPCCk landutako agertokien arabera", azaldu du Del Campok. Azken finean, agertoki horien ondorioak leunagoak edo larriagoak izango dira, berotegi efektua eragiten duten gasen emisioaren arabera. "Estimazio horiek guztiak gurera ekarri eta euskal kostaldean izan daitezkeen arriskuak kalkulatu ditugu, 2050era eta 2100era begira. Esate baterako, 2050erako aurreikuspenetako bat da itsasoaren maila 26 zentimetro igoko dela, eta 2100erako 71 zentimetro igo daitekeela. Horiek guztiak tarteko erreferentziak dira, ezin dugu jakin zehazki 26 edo 71 izango diren; izan daitezke gutxiago eta izan daitezke gehiago. Tartekoa hartu dugu, eta orain arteko bilakaera ikusita, aurreikuspenak betetzen ari dira". Izan ere, jakin badakite 1900etik hogei zentimetro egin duela gora itsasoaren mailak, gaur egun urteko hiru bat milimetro ari dela igotzen, eta erritmoa bizkortzen ari dela.

Itzurun eta Gaztetape, desagertzear

Hondartzek izango duten bilakaera da azterketak aintzat hartu duen alorretako bat. Eta atera dituzten ondorioak ez dira batere onak. Itsasoaren mailaren igoerak eragin nabarmena izango du euskal kostaldeko hondartzetan, eta kalkulatu dute mende amaierarako hondartzen azaleraren %60 inguru gal daitekeela. "Hondartzen azalera aipatzen dugunean, hondar lehorraz ari gara, alegia, normalean marearen mailatik gora gelditzen den hondartza zatiaz". Kaltetuenen zerrendan Zumaiako Itzurun eta Getariako Gaztetape ageri dira: 2050erako Itzurunek azaleraren erdia gal dezake, eta Gaztetapek ia bi heren; eta 2100erako, erabat desager daiteke hondar lehorraren zatia. Soilik itsas beheran agertuko litzateke hondar bustia.

Zarauzko hondartza ere kaltetuenen zerrendan ageri da. 2050erako, itsasoaren batez besteko 26 zentimetroko igoerarekin, euskal kostaldean azalera gehien galduko duen hondartza izango da; 21.000 metro koadro, gaur egungoaren herena. Eta 2100erako aurreikuspenak are okerragoak dira, 46.000 metro koadro gal baititzake, gaur egun duen azaleraren %90etik gora. Getariako Malkorberen kasuan, erdia gal daitekeela kalkulatu dute, eta gutxien galduko dutenak Zumaiako Santiago eta Orioko Antilla dira, %20 inguru.

Uholde arrisku larria Orion eta Zumaian

Herriguneek izan dezaketen uholde arriskua ere neurtu dute Kostaegoki azterketan (itsasoak eragindako uholdeak, beti ere), eta emaitzak larritzeko modukoak dira, batez ere Orioren eta Zumaiaren kasuan. "Uholde hauek kalkulatzeko, itsasoaren mailaren igoeraz gain, itsas denboraleen eragina ere aintzat hartu dugu. Beraz, mapetan uholde arriskuan dauden eremuak markatzen ditugunean, ez du esan nahi une oro urak hartuta egongo direnik; esan nahi du denborale bortitzak egokitzen direnean itsasoko urak gainezka egingo duela". 

Mende amaierarako egin diren kalkulu okerrenak kontuan hartzen badira, arrisku larria aurreikusten da Oriorentzat eta Zumaiarentzat: "Euskal kostaldean kaltetuen izan daitezkeen herrien artean daude, zalantzarik gabe. Biak ala biak itsasadarrean daude eraikita, eta horrek arriskua areagotu egiten du. Aurreikusitako egoerarik okerrenean jarrita, 2100ean bi herri hauetako biztanleriaren herenak paira ditzake itsas uholdeak".

Etxebizitza eremuak bakarrik ez, azterketan kontuan hartu dituzte industrialdeak, landaguneak eta bestelako jarduera ekonomikoak; baita ere, azpiegiturak eta garraiobideak, besteak beste. Ondorioak antzekoak dira ia atal guztietan: Orio eta Zumaia dira Urola Kostan itsas uholdeengatik kaltetuen izan daitezkeen bi udalerriak. "Azpiegiturei dagokienez, kostako errepidean nabarmen ikusten da Zarautz eta Getaria artean arazoak izango direla, batez ere Zarauzko sarreran", zehaztu du Del Campok.

Ibaiko uholdeak gehitzea falta da

Datu horiek guztiak eta Kostaegokiko bisorean erakusten diren urak hartutako eremuak kalkulatu dituzte soilik itsasoaren mailaren igoeratik abiatua. Alegia, ez da kontuan hartu euri jasen ondorioz ibaiek ekar dezaketen ur emaria. Eta horrek are arriskutsuago bihur dezake azken emaitza. "Arrisku konbinatuaren gaia orain hasi gara aztertzen. Izan ere, Orioren eta Zumaiaren kasuan, biek dute itsasoaren eta ibaiaren arrisku bikoitza. Kostaegokin soilik itsasoko uholdeak kalkulatu ditugu, baina Ura agentziak eginak dauzka ibaietako uholdeen kalkuluak. Datu guztiak hartu eta arrisku konbinatu hori kalkulatzeko modeloa ari gara lantzen Myflood proiektuaren barruan", aurreratu du Del Campok.

Arriskuetara egokitzeko proposamenak

Arrisku horiei aurre egiteko zenbait neurri ere proposatzen ditu Kostaegokik. Tecnaliak landu du bigarren txosten hori, eta askotarikoak dira mahai gainean jarritako neurriak. Del Campok azaldu duenez, nagusiki bi dira planteatu diren estrategiak: "2050era arte, estrategia ziurrenik izango da gure kostaldea eta herriak babestea eta egokitzea; epe luzera begira, ziurrenik, herriguneek atzera egin beharko dute. Baina urratsez urrats egin beharko da".

Herriak babesteko neurrien artean aipatzen dira, besteak beste, honako hauek: dunak eta hezeguneak berreskuratzea, hondartzei hondarra gehitzea, babes egiturak eraikitzea (dikeak, hormak…), eraikinek kotak igotzea, eraikinak babestea eta egokitzea edota argindarra bezalako oinarrizko azpiegiturak babestea. "Noski, kostaldeko lurzoruaren erabilera ere aztertu beharko da, eta lan berri guztiek aintzat hartu beharko dituzte iragarpen horiek. Hirigintza planifikatzerakoan, kontuan hartu behar da hori guztia. Guk azterketa egin dugu, aholkuak eman ditugu, eta orain kudeatzaile publikoei dagokie hau guztia lantzea". 

Orio.

 

Zumaia.

Kostaegoki tresnak aukera ematen du mapa gainean norberak nahi duen lekura joan eta zientzialariek kalkulatu dituzten agertoki ezberdinen arabera itsasoaren igoerak eragindako uholdeek zer eremu hartuko dituzten ikusteko. Mende amaierako bi adibide dira hauek; itsasoaren maila 71 cm igoz gero, Oriok (goian) eta Zumaiak (behean) zer itxura izango luketen ikus daiteke. Bi herri horiek dira arrisku handiena dutenak. (Kostaegoki)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide