Urak dakarrena

Joseba Egaña: "Abisua gorria denean, gure eguneroko bizimodua eten beharra dago"

Gorka Zabaleta 2024ko aza. 28a, 10:00

Joseba Egaña. (Gorka Zabaleta)

Euskalmeteko (Euskal Metereologia Agentzia) iragarpenen arduraduna da Joseba Egaña (Zumaia, 1973). 2001etik ari da bertan lanean, eta zenbait muturreko larrialdiren iragarpena egitea egokitu zaio.

Hamar minutuero iristen dira estazio sareko datuak Euskalmetek Arabako parke teknologikoan daukan egoitzara. Lantaldeko 31 lagunen artean arduratzen dira eguraldiaren une oroko jarraipenaz, iragarpenaz eta larrialdi abisuak lantzeaz. Duela aste batzuk Valentzian gertatutakoa eta Euskal Herrian izan diren antzeko uholdeak nola eta zergatik sortzen diren azaltzeko tartea hartu du Joseba Egañak. 

Valentziako euri jasen parekorik izan al da inoiz Euskal Herrian, behintzat erregistroak daudenetik?

1983ko uholdeek antzekotasun handia dute. Valentziako Turisen 771 litro neurtu ziren metro koadroko 24 orduan, hori izan zen nabarmenena, baina beste hainbat neurgailutan 300, 400 eta 500 litro inguru jaso ziren; bada, 1983an, Bilboko Larraskituko estazioan 500 litro jaso ziren metro koadroko. Eta badauzkagu oso esanguratsuak diren datu gehiago: adibidez, 2011ko maiatzaren 30ean, 27,5 litro jaso ziren Sarrian hamar minutuan, 115 litro ordubetean.

Bilboko gertaera larri haiek aipatzen dira, baina orduz geroztik ere izan dira uholde gehiago.

Bai, 1988ko uztailaren 19an uholde oso larriak gertatu ziren, hamabost lagun hil ziren eta kalte ekonomiko oso handiak eragin zituen. Elgoibar izan zen kaltetuena, bi ordu eskasean 200 litro inguru bota zituen, eta antzeko datuak neurtu ziren Bergaran, Eibarren edota Zumarragan. 1997ko ekainaren 1ean, 200 litro egin zituen Donostian bi orduko tartean; zorionez, hildakorik ez zen izan, baina 110 milioi euroko kalteak eragin zituen. Eta 2000. urtetik hona ere, euri jasek eragindako beste bederatzi gertaera larri zenbatuta dauzkagu gutxienez. Eta horietako larrienak, gehienetan, goi geruzetako depresio isolatuek eraginda, Valentzian bezala. Hau ez da, beraz, Mediterraneoko kontu bat.

Goi geruzetako depresio isolatua edo askatua deitzen diozue fenomeno metereologiko honi. Zer da hori?

Aintzat hartu behar da atmosferako zirkulazio orokorrak nola funtzionatzen duen. Gure latitudetan, mendebaldeko fluxu edo korronte garrantzitsu bat egoten da, hamar bat kilometroko altueran. Korronte horrek Lurra inguratzen du etengabe, eta muga lanak egiten ditu Ipar Poloko aire hotzaren eta Ekuatoreko aire beroaren artean. Zer gertatzen da korronte horrekin? Bada, batzuetan, bere bidea ez dela hain zuzena, ondulazioak dituela, ohi baino hegoalderago jaisten dela. Hori gertatzen denean, adibidez, Ipar Poloko aire hotza guganaino iristen da. Bada, tarteka, ondulazio horiek askatu egiten dira korronte nagusitik, eta aire hotzez osatutako poltsa isolatuak sortzen dira, aire beroagoaz inguratuta. Aire hotzezko eremu horiek noraezean ibiltzen dira, bakartuta daude, aire beroagoaz inguratuta. Gainera, zirkulazio itxia daukate, airea bere baitan mugitzen da erlojuko orratzen kontrako norabidean, borrasken modura. Horixe da goi geruzetako depresio isolatua.

Eta horrek nola eragiten ditu halako euri jasa bortitzak?

Arriskua dator atmosferako beheko geruzetan beroa eta hezetasuna topatzen baditu. Goian aire oso hotza eta behean beroa eta hezetasuna; horrek ekaitzak sortzeko makina jartzen du martxan. Gainera, depresio askatu batek hainbat ekaitz gune sor ditzake, eta horiek guztiak ekaitz sistema bakarrean bil daitezke eta eremu zabal bati eragin. Valentzian, adibidez, hori gertatu zen.

Depresio askatu horien beste ezaugarria da zaila dela jakiten nondik nora mugituko diren, ezta?

Noraezean ibiltzen dira, bai. Leku berean egon daitezke denbora asko. Iragarpen oso zehatzak egitea erronka bat da guretzat. Jarraipen zorrotza egin behar izaten zaie, modeloak emandako iragarpena aldatu egin daiteke eta. Non eta zer euri kopuru egingo duen zehaztea eta arriskuko lekuak garaiz identifikatzea zaila da horrelako muturreko egoeretan.

Baina Valentziako kasuan, metereologia zerbitzuaren iragarpenak ondo eta garaiz asmatu zuen, ezta?

Iragarpenetan asmatu egin zen, eta Aemetek abisu gorria garaiz eman zuen, goizeko lehen ordurako. Metereologikoki jarraipena ondo egin zen.

Beste kontu bat da gaur egungo gizartean batzuek nola jartzen duten zalantzan zientziaren sinesgarritasuna.

Aurrekoan irakurri nuen herritarren %17k sinesten dituztela kontu konspiranoikoak. Horren aurrean, gutxieneko jakintza zientifikoa falta da. Valentziako kontu honekin lotuta, irakurri dut Marokok eragin dituela euri jasak, radarren bidez, beraien laranjekin negozioa egin ahal izateko. Gezur piloa esan dira. Alaskan badaude antena batzuk ikertzeko eguzkiak zer eragin izan ditzakeen gure telekomunikazioetan; bada, batzuek esan dute antena horiek erabiltzen ari direla klima aldatzeko, urakan bat sortzeko... Astakeria asko esaten dira eta sinesten dira.

Azaldu duzu depresio isolatu horiek nola sortzen diren, mendebaldeko korronte horretatik askatuta, nolabait. Zantzurik badago esateko klima aldaketaren eraginez hori maizago gerta daitekeela? 

Gure inguruan, Europa mendebaldean, urtean hamabost bat depresio isolatu izaten ditugu, batez beste. Zer gerta daiteke klima aldaketarekin tenperaturak gora egiten badu Ipar Poloan? Lehen esan dut mendebaldeko korronte horrek muga egiten duela Ipar Poloko aire hotzaren eta Ekuatoreko aire beroaren artean. Ipar Poloko airea berotzen bada, eta iragarpenek hori diote, tenperatura kontrastea jaitsi egingo da, mendebaldeko korrontea apaldu egingo da, ondulazioak areagotu eta depresio askatu gehiago sortzeko arriskua handituko da. Beraz, bai, klima aldaketaren ondorioz depresio askatu gehiago izateko arriskua areagotuko da.

Eta horrekin batera, depresio horiek ekaitzak sortzeko gaitasuna ere areagotu daiteke?

Depresio askatuek beti ez dituzte ekaitz bortitzak sortzen, esan dugu beste aldagai batzuk sartzen direla jokoan, garrantzitsuena, aire beroa eta hezetasuna topatzea atmosferaren behealdean. Tenperaturek gora egiten badute eta itsasoa ere beroago badago, aire beroagoa eta hezeagoa izango ditugu, eta horrek arriskua areagotzen du, nola ez.

Lehen aipatu dituzu Euskal Herrian gertatutako uholde batzuk; horiek denak uda partekoak dira.

Hain zuzen ere, azaldutakoagatik, depresio askatu horiek uda partean aurkitzen dute beroa eta hezetasuna ekaitzak sortzeko. Baina guk neguan ere izaten ditugu euri askoko denboraleak. Ohikoa da denboraleak zenbait egunez irautea, eta litro asko pila daitezke. Baina horiek errazago dira garaiz iragartzen.

Eguraldi iragarpenak egiteaz gain, zuen ardura da arrisku abisuak sortzea. Sekula tokatu al zaizue abisu gorririk eman behar izatea euri jasengatik?

Ez dugu eman, baina bi kasutan muga-mugan egon gara. 2011ko azaroan, Gipuzkoa ekialdean, 300 litrotik gora egin zituen eta uholde handiak izan ziren. Abisu laranja ezarri genuen, baina gorria izan zitekeen. Dena den, koloreen sistemarekin 2009an hasi ginen, Klaus ziklogenesi leherkorrarekin.

Nola erabakitzen duzue abisuak horia, laranja edo gorria izan behar duen?

Ez da erraza, eragin dezakeen kaltea edo kalte arriskua ere aintzat hartzen baitugu guk. Ez dugu soilik euri kopurua edo haize ufaden indarra kontuan hartzen. Baloratu egin behar da kasu bakoitzean euri horrek kaltea eragingo duen edo ez, eta zenbatekoa. Esate baterako, oso aldagai garrantzitsua da jakitea ibaiak urez gainezka dauden edo ez. Urarekin koordinatuta egiten da lan hori.

Zalantza gehien laranjarekin izango da, ezta?

Gure abisu gehienak horiak dira, urtean berrehundik gora izaten dira. Horiak esan nahi du aintzat hartu beharreko informazioa dela, baina ez du zertan gure egunerokotasunean eragin behar, zuhurtziaz jokatuz gero. Eragina izan dezake jarduera jakin batzuengan. Ondoren laranja dator. Arrisku metereologiko larria da, urtean gutxitan gertatzen da (30 bat), pertsonen segurtasuna arriskuan egon daiteke eta kalteak handiak izan daitezke. Eta azkenik gorria dago: muturreko arrisku metereologikoa da, ezohikoa, ez da urtero gertatzen; kalte materialak oso handiak izan daitezke eta herritar askoren segurtasuna arriskuan egon daiteke. Abisua gorria denean, gure eguneroko bizimodua eten beharra dago. Europan erabiltzen den sistema berbera da gurea. Eta bai, zalantza handiena laranja egoeratan egon daiteke. Baina zuhurtziaz jokatzen dugu beti.

Eta abisu horiak ematen dituzuenean, hortik aurrera nola kudeatzen da larrialdi hori?

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren barruan dago Euskalmet, eta larrialdiei aurre egiteko mahaian gaude gu ere. Beraz, protokoloak martxan jartzen dira, larrialdiari behar den erantzuna modu koordinatuan emateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide