Azaroaren 1a

31 arimak, santu guztiak eta 2 hilak

Erredakzioa 2024ko urr. 31a, 08:50

Iazko Arimen Gaua Getarian.

Urriaren amaierako eta azaroaren hasierako egunik ezagunenak dira urriaren 31a eta azaroaren 1a eta 2a. Mundu guztian zehar ospatzen dira hiru egunak, baina zeintzuk dira haien jatorriak eta zerk bereizten ditu? Gukak azaroaren 1a dela-eta kaleratu duen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Azaroaren 1a Santu Guztien Eguna dela aski ezaguna da. Azken urteetan, dena den, asko indartu da urriaren 31ko ospakizuna, AEBetatik datorren Halloween eguna. Euskal Herrian, ordea, Arimen Gaua gisa ere ezagutzen da. Azaroaren 2an, berriz, Hilen Eguna ospatzen da. Hiru egun jarraian, eta hiru egun desberdin. Baina zeintzuk dira euren arteko desberdintasunak?

Urtero, urriaren 31a gerturatzen ari denean, burezurrez, armiarma sarez eta kalabazaz apaintzen hasten dira munduko hainbat txoko. AEBetatik datorren Halloween eguna da, baina globalizazioak bere lana egoki egin du, eta gure artean ere gero eta ezagunagoa egiten ari da festa hori: gero eta gehiago dira izen horrekin antolatzen diren festak eskualdeko herrietan.

Egia da festa AEBetatik iritsi dela inguruotara, baina jatorria herrialde zeltetan du; izan ere, adituen eta ikertzaileen ustez, udazkenaren amaieran, antzinako herri zeltek uztaren amaiera ospatzeko egiten zuten zeremonia batetik dator. Hala ere, Halloween gure artera iritsi baino lehen, Euskal Herrian ospatzen zen Arimen Gaua: kalabazak hustu, kandelak sartu eta baserrietan eta herriko bazterretan jartzen zituzten, arbiekin batera. Bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jartzen zituzten.

Gaur egun, Halloween festak indar handia duen arren, Urola Kostako zenbait herritan Arimen Gaua berreskuratu nahian ari dira, erritual edo ohitura zaharrak mantentzeko ahaleginetan. Besteak beste, Getariako eta Zarauzko zenbait elkartek egun bereziak antolatzen dituzte.

Azaroan sartzearekin batera, bestalde, Santu Guztien Eguna iritsiko da. Hildako santuen, kanonizatuen zein zerura joandako fededunen omenez ospatzen den jaia da, eta egun horretan, hilerrian, hildakoaren omenez, oliozko kriseiluak edo argizaria jartzen ziren garai batean; gaur egun, ordea, senide eta adiskideek lorez betetzen dituzte pertsona maiteen hilobiak. Hilobiak, beraz, aldare koloretsu bihurtzen dira, lore freskoekin, argazkiekin edota kandelekin. Tradizioak hilobiak garbitzea eta zaharberritzea barne hartzen du, eta horrek jada ez daudenekiko errespetuzko eta maitasunezko giroa sortzen du. Gainera, elizkizunak ospatzen dira hildako senitartekoen eta lagunen omenez otoitz egiteko.

Egun hori, jatorriz, paganoa bazen ere, erlijio katolikoak jaia bereganatu egin zuen. Hala, Gregorio III.ak (731-741) santu guztien omenezko eguna sortu zuen, eta Gregorio IV.ak eliza katoliko guztira zabaldu zuen. Modu horretan, Santu Guztien Eguna lehen aldiz 699. urtean ospatu zuten, maiatzaren 13an. 835an azaroaren 1era igaro zen, Gregorio IV.aren aginduz.

Ezezagunena

Azkenik, azaroaren 2an Hilen Eguna ospatzen da. Aurreko bi egunekin alderatuz gero, agian, ezezagunagoa da azken hori. Bekatu txikiagoen erruz hiltzean, purgatorioan dauden arimen aldeko jaia da Hilen Eguna, jatorriz paganoa. Horregatik, egun horren helburua bizitza lurtarra amaitu duten eta oraindik purifikazio egoeran jarraitzen duten arima horien guztien alde otoitz egitea da. Euskal Herrian oso zabaldutako ospakizuna zen, eta oraindik ere zenbait tokitan ospatzen da; esaterako, Bergarako Osintxu auzoan (Gipuzkoa).

Hego Ameriketako eta Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdetan, tradizio handiko jai sinkretiko bilakatu da, bertako sinesmenak integratuz. Hala ere, Hilen Egunak, bereziki, Mexikon du ospea, bertako kulturaren jaiegun garrantzitsuenetakoa baita: UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu du. Hil diren maiteak ondratzen dituen ospakizuna da, eta egun horretan hildakoen arimak bizidunen mundura itzultzen direla uste da, beren maiteekin elkartzeko.

Egun horretako pertsonaia nagusienetakoa eta ezagunena da Katrina, eta haren sortzailea Jose Guadalupe ilustratzailea izan zen, 1910. urtean. Ondoren, berriz, Diego Rivera margolariak berreskuratu zuen. Mexikoko goi klaseei iseka egiten die Katrinak, zehazki, Mexikoko sustraiei uko egin eta europar itxura izan nahi zutenei. Burezurrak eta eskeletoak ere nagusi dira Hilen Egunean, baina betiere ekintza atseginetan irudikatzen dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide