Gorka Zabaleta eta Jone Guenetxea: "Komunitatearen parte gara"

Ttap 2023ko uzt. 17a, 09:43

Tokiko hedabideen garrantziaz eta garapenaz hausnarketa egiteko eskarmentu handiko kazetariak eta zuzendariak dira Gorka Zabaleta (UKTkoa) eta Jone Guenetxea (Anbotokoa). Tokikoak, urteen poderioz, euskarazko hedabideak izatetik kalitatezko kazetaritza eskaintzera iritsi diren ekimenak dira. Ttap aldizkarirako elkarrizketatu ditu biak ala biak Joni Ubeda kazetariak.

Jone, Anboto hedabideko zuzendaria zara, eta Tokikomeko presidentea izandakoa. Gorka, zu Zumaiako Baleiken egindako ibilbideagatik zara ezaguna. Egun, Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) zuzendarietako bat zara. 2023an, Anboto zertan da, Jone?

Jone Guenetxea: Erronka berriei heltzen. Esparru batzuetan, Tokikom euskarazko hedabideen bateragunearen eskutik. Tokikomen bidez denok batera heltzen gara nor bere esparruan heldu ezin daitekeen eremuetara. Gure esparruan, 2023ko helburuetako bat ikus-entzunezkoak webgunean indartzea izango da. Dagoeneko hasi gara horretan, eta webgunera begira aurrerapausoak eman gurako genituzke. Tokikomen eskutik gauza potoloagoak, inteligentzia artifiziala eta kudeaketan aurrerapausoak ematea. Hedabideei eta kazetaritzari buruz berba egiten dugunean, ematen du kazetariei buruz bakarrik berba egiten ari garela, baina hor estruktura zabalagoa dago, publizitatea dago, kudeaketa dago, eta hor eraginkorrak izatea ere garrantzitsua da proiektuari eusteko eta aurrera egiteko.

Horretan ari gara geroz eta modu profesionalagoan. Urola Kostan bateratze handia egiten ari zarete azken urteotan.

Gorka Zabaleta: Duela lau urte sortu genuen kooperatiba bat, Urolako Komunikazio Taldea. Bertara batu ginen sei hedabide, eskualdeko sei hedabide. Eta lau urte hauetan lan egin dugu, batez ere, barrura begira. Antolatzen eta egiteko moduak bateratzen. Bakoitza bere kulturatik zetorrelako. Baita esku artean genituen produktuak hobetzen. Baina 2023an gaude, jada aurrera begira. Badugu estrategia, bide-orria, bere baitan hartzen dituena bai marka, eraldaketa, produktu berriak…; batez ere, digitalizazioaren bidetik. Aplikazioa, buletinak eta abar. Eta bazkidetza formula berri bat, amankomuna. Herentzian jasotako harpidetza edo bazkidetza formula horiek kudeatu eta momentua da kooperatibak bere formula propioa edukitzeko.

Zuek biak, eta kasu honetan hemen gauden hirurak, kazetaritzaren bidetik iritsi gara bestelako ardurak hartzera. Udal hauteskundeak pasa berri dira eta zuen hedabideetako audientzietan halako marka bat geratu da maiatzaren 28an, eta ekainaren 17an. Geroz eta konexio gehiago eta estuagoak daude hartzailearekin. Sekulako garapena, kazetaritzaren ikuspegitik.

G.Z.: Bai, hala da. Alde batetik, logikoa da udal hauteskundeetan gure tokiko hedabideetan gorakada bat izatea. Hori logikoa da, eta, aldi berean, ona da; seinale ona da. Eta egia da, uste dut azkenengo bost-hamar urteetan aurrerapauso handiak egin ditugula. Zeuk aipatutako bidetik, teknologia berrien bidetik, gure webguneari esker, digitalizazioari esker, orain kapaz gara momentuan erantzuteko aktualitateari. Udal hauteskundeetan garatu genuen grafikoak erakusteko tresna. Uste dut lehiatzen ari garela hedabide handiekin.

J.G.: Udal hauteskundeak, esate baterako, guretzako aukera bat dira gure indarguneak adierazteko eta ezagutzera emateko. Asko prestatzen ditugun gauzak izaten dira, gainera. Erakutsi dugu, batez ere, webguneen bidez eta sare sozialen bidez, gauza txukunak egiteko aukera daukagula. Eta hori denon artean egin dugu, Tokikomen martxan ipini genuen web sistemaren bidez.

Tokiko informazioa, euskarazko tokiko informazioa, lantzen hasi denetik, sinesgarritasuna irabazi du tokikoak. Eta hori erraz esaten da, baina ez da batere erraza izan.

G.Z.: Bizitzen ari garen fake news-en eta desinformazioaren sasoi honetan, hedabide batentzat inoiz baino garrantzitsuagoa da sinesgarritasuna. Gauza oso delikatua da. Eta nik uste dut bereziki tokiko hedabideok zaintzen dugun kontua dela. Gure komunitatearekiko hainbesteko gertutasuna edukita, badakigu zer garrantzitsua den sinesgarritasuna, eta egunero defendatu behar den gauza bat da. Eta etorkizunean ere hedabideok geroz eta gehiago zaindu beharko genukeen gauza bat dela, desinformazioaren olatu horretan. Sinesgarritasuna lortzea asko kostatzen da, eta oso erraza da galtzea. Momentu batean galdu dezakezu, hanka sartzen baduzu barruraino. Azken hamar urte hauetan, sare sozialen agerpenarekin, guk ere lekua bilatu behar izan dugu. Nik uste dut hor fase bat pasatu genuela nahiko despistatuta ibili ginena. Azken finean, sare sozialek dinamika bat dute oso perbertsoa izan daitekeena guretzat. Eta azkartasun horretan edo lehiatu nahi izateagatik, askotan, kazetaritza ahaztu egin zaigu, kazetaritza zer den ahaztu egin zaigu. Orduan, uste dut horri buelta ematen ari garela.

J.G.: Uste dut bide horretatik jarraituz gero jendeak berriro ere baloratuko duela zer den kazetaritza eta zer ez den kazetaritza. Gure hedabideetan hori bizi dugu. Zurrumurruak edo albisteak zabaltzen dira, baina, gero, konturatzen gara jendea albiste hori ea Anboto-n noiz ateratzen den zain izaten dela.

Presioa ere nabaritu duzue eta seguru nago sasoi honetan, udal hauteskunde garaian, nabaritu izan duzuela. Eskarmentua baduzue, baina nola daramazue presio hori?

G.Z.: Udal hauteskundeak, nolabait esateko, lau urtean behin gertatzen den sukarraldia dira. Jada urte batzuk daramatzagu lanbide horretan, eta ikasi egiten da. Gehienbat, erlatibizatzen. Hautagaiak eta zinegotziak aldatu egiten dira, eta zu hor zaude. Ikusten duzu bilakaera zein den. Hori jakin behar da kudeatzen. Presioa. Nik uste dut kazetariek ere bizi dutela, ez da zuzendariari bakarrik dagokion kontu bat. Presioa, baina hauteskunde testuingurutik aterata esango nuke egunerokoan bizi dugula tentsio puntu hori. Tokiko kazetariok oso gertu gaudelako gertaeretatik, gertaeretako protagonistengandik. Eta hori oso presente dauzkazu lan egiten ari zarenean. Erredakzio batetik, Donostiatik, Bilbotik edo ez dakit nondik beste distantzia bat daukazu, eta, alde horretatik, lasaiago egin dezakezu lan. Herrian bertan badakizu hanka sartzen baduzu hurrengo egunean kalea zapaldu orduko belarrondokoa jasoko duzula, eta oso ondo egin baduzu zorionak jasoko dituzula. Orduan, uste dut horrek laguntzen digula zuhurtziaz jokatzen. Eta bi aldiz pentsatzen informazio bat lantzeko garaian.

J.G.: Ildo horretatik, lehengo egunean erredakzioan berba egiten aritu ginen gai horretaz, estutasunak daukan aldea onaz eta txarraz. Eta ez bakarrik hauteskundeetan edo harreman politikoetan; harreman instituzionaletan eta udalekiko harremanetan ere bai. Igartzen ari gara komunikazioan herri txikienek ere geroz eta gehiago inbertitzen dutela, badakitelako komunikatzen ez dena ez dela proiektatzen euren komunitatera. Geroz eta ahalegin gehiago egiten ari dira udal eta herri gehienetan.

Albiste potoloekin guri inoiz gertatu zaigu zuhurtzia horren ondorioz klik asko izan ditzakeen albiste bat, interesa pizten duena, ez publikatzea. Inoiz egin dugu enpatiagatik. Hizpide den pertsona horrekin berba egin dugulako. Enpatia hori eduki behar da jendearekiko eta gure komunitatearekiko. Gure komunitatearen parte baikara, ez dago komunitatea eta gero hedabidea. Gure kasuan, behintzat, horrela sentitzen dugu. Komunitate horren parte gara.

G.Z.: Guk hori oso gordin bizi izan dugu duela gutxi, Orioko gertaera matxista latz hartan. Nola landu den gai hori hedabide gehienetan. Hedabide handi horietan lotsagarria da noraino iristen ari den kazetaritza; kazetaritza, kakotx artean, eta guk nola bizi izan dugun eta nola landu dugun ikusita besteak nola ari ziren. Euste ariketa bat egin behar da. Pentsatu ondo zeinentzat ari zaren lanean eta zer min eragin dezakeen, zer alferreko min eragin dezakeen datu hori edo bestea publikatzeak. Eta uste dut hor oso-oso garbi ikusi genuela gure funtzioa zein den.

Eta bide horretan, zuen erredakzio taldeetan, nolabait, sustatzen duzue kazetaria ere, tarteka, iritzigile edo analista izatea. Ze gauza bat da kronista izatea, baina hurrengo pausoa normaltasunez hartu behar genuke, analistarena. Badaude kasu batzuk hori egiten dutenak.

G.Z.: Horrek izan beharko luke hurrengo urratsa. Ikaragarri kostatzen da. Ikusten ari naiz gure erredakzioan. Batzuk bai, baina beste batzuei asko kostatzen zaie, zeren eta iritzia ematen duzunean edo analisi bat egiten duzunean ari zara zuretik jartzen, eta, orduan, agerian geratzeko, oso agerian gelditzeko beldur hori duzu. Baina nik uste dut pauso hori eman behar dela. Kazetariak baldin bagara uste dut horretara jo behar dugula, eta ea pixkanaka pixkanaka hori ere jorratzen dugun.

Jauzia egon da, urteen poderioz. Euskarazko hedabidea, euskarazko aldizkari sinpatiko hori zen gurea. Errebista bat genuen, eta orain hedabide bat gara, hedabide taldeak gara eta dagoeneko euskara ez da aipatzen, euskara bere baitan datorrelako. Hori hizkuntzaren aldetik jauzi handia izan da.

J.G.: Bai. Gutako gehienok, orain dela hogei urte baino gehiago, euskara elkarteek sustatutako proiektuetan ari ginen. Helburua euskararen sustapena zen. Komunitate bat ikusten zen hor, euskarazko informazioa euskaraz kontsumitu nahi zuena, eta beharrizan hari erantzuteko hedabideak sortu ziren, gehienbat, euskara elkarteen eskutik, eta hedabide asko euskara elkarteen barruan egon dira. Errealitate hori azkenengo urteetan aldatu egin da; hedabideok indarra hartu dugu eta indar hartze horretan elkarteen baitan beste beharrizan batzuk sortu dira. Informazioa emateko moduan eta proiektuen egonkortze horretan ere, euskararena ardatza den arren, beste edozein hedabideren pare gaude. Hedabideak gara eta eta gure helburua informazioa eta kazetaritza egitea da.

G.Z.: Irakurleekin inkestak egiten ditugu, bi urtetik behin egiten ditugu, eta azkenengo inkestetan jada erantzunetan ikusten da aldaketa bat. Galderetako bat izaten da: "Zergatik irakurtzen duzu zure herriko aldizkaria edo dena delakoa?". Eta orain dela hamar urte edo hamabost urte, erantzun nagusia zen: "Euskaraz delako". Euskarak bazeukan garrantzi handia. Oraindik badauka, baina orain erantzun aukeratuena da: "Gertuko informazioa eskaintzen didalako". Ari da nabarmentzen baita ere komunikabide edo kazetaritza kontzeptua.

J.G.: Kontuan izan behar da gure hedabideen hastapenetan, kasu askotan, albisteak idazten zituztenak boluntarioak zirela, euskara elkarteen inguruko jendea. Denborarekin, profesionalizatzen joan dira lantaldeak, eta horrek eragin egin du paradigma aldaketa horretan.

Hedabide orokorrak dira gureak eta joera bat bada hedabide askotan: kultura, kirola, politika eta gizartea maiz lantzen ditugu, baina badaude beste elementu batzuk: zientzia, ekonomia, industria… Esango nuke alor horietan motz samar gabiltzala. Salbuespenak salbuespen.

G.Z.: Lantalde txikiak baldin baditugu, denetik egitea tokatzen da. Kazetariarentzat nik uste dut aberasgarria dela. Denetik idazten dugu, eta orain, gainera, hainbat formatutan. Baina, gero, gabeziak sortzen dira; denetik ezin da jakin, eta ekonomia eta horrelakoak bigarren mailan geratzen dira. Taldea oso txikia baldin bada, kazetari horren gustuak eragin handia izango du. Hori gainditzeko modua da egiturak sendotzea, lantaldeak handitzea, profesionalizatzea, baina baita egiturak elkartuz ere.

J.G.: Tokikomeko jardunaldietan, askotan, datu kazetaritzari buruz berba egiten da. Informazioa batu, grafikoak egin, hausnarketak, ondorioak atera... Horrekin lotura duten pertsonaiak elkarrizketatu... Saretzen izeneko ekimenaren baitan eta EITBrekin elkarlanean bagabiltza horretan lanean, ez baita erraza datu horiek herri mailaraino lortzea. Uste dut guk, tokikook, badauzkagula zailtasunak, gabeziak eta erronkak, baina badaukagula aukera handi bat. Eta elkarrekin gauzak egiteko kapaz baldin bagara gainditu ditzakegula hainbat zailtasun edo ezintasun. Uste dut hori ari garela ikasten eta ikusten, eta uste dut horrek ilusioa pizten duela gure hedabideetan. Ikusten dut badagoela aurrera egiteko aukera bat.

Zuek biak iaz azaroan Katalunia aldean egon zineten tokiko hedabideen jardunaldi batzuetan. Oker ez banago, hara begira jarri nahi zenuten, eta, azkenerako, haiek izan ziren guri begira jarri zirenak. Kanpoko eragileek ere, BBCko lantaldea hona etorri izan denean edo Tokikom jardunaldietan nazioarteko ekimenak gonbidatu ditugunean, Tokikomen inpresio ona jasotzen dute.

G.Z.: Kataluniatik inpresio horrekin itzuli ginen. Ikasteko gogoz joan ginen, eta gauza interesgarri batzuk ikusi genituen. Baina egia da azkenengo urteetan Tokikomen bidez aurrerapauso asko ematen ari garela, eta ikusten ari gara errazagoa dela elkarrekin aurrera egitea. Beste leku batzuetan elkartzen dira gauza puntualak egiteko, lobby lanak egiteko, baina ez, agian, kazetaritza bera lantzeraino. Kazetaritzaren ikuspuntutik elkarlan hori sustatzen ari gara, eta horrek haiengan harridura sortu zuen. Besteak beste, nola partekatzen dugun gure salmenta komertziala edo gure kudeaketa egiteko modua. Harridura sortzen zien, eta inbidia pixka bat ere bai. Kosta egiten da denok ados jartzea gauza askotan, baina, behin ados jarrita, aurrerapauso handiak emateko aukera dago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide