Iritsi da Euskararen Ginkanaren finala!

Topagunea 2017ko urt. 25a, 14:08

Finala urtarrilaren 28an izango da Donostiako Ekogunea parkean, eguerdiko 12:00etan. Urko Aristi kazetari eta aurkezlearen gidaritzapean 4 proba burutu beharko dituzte finalistek eta puntu gehien jasotzen dituen taldeak bereganatuko du 3.000 euroko saria.

Kutxa Ekoguneak, Azkue Fundazioarekin elkarlanean antolatzen duen eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinatzen duen Euskararen Ginkana urtarrilaren 3an abiatu zen, bosgarren urtez jarraian. Izaera anitzeko 27 talde ditugu 3.000 euroko saria eskuratzeko lehian, astez- aste probak burutzen joan dira puntuak lortu eta finalera iritsi ahal izateko.

 

5. edizio honen gai nagusia hizkuntza praktika ekologikoak da eta lehiakideek gainditu beharreko probak eta galderak, hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza komunitateen ekimen eta praktikei lotuak izan dira. Proben bidez ezagutza hau zabalduko dute, ikusgai daude www.euskararenginkana.eus webgunean eta sare sozialetan.

 

Taldeak Euskal Herriko hainbat txokotako partaideek osatzen dituzte, izaera ezberdin eta anitza dute, Euskara elkarteak, aisialdi taldeak, hedabideak, mintzapraktika taldeak, ikasle taldeak, aisialdi edo hezkuntza eremuko eragileak. Guztiak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko helburuarekin lehian Euskararen Ginkanaren 5. edizio honetan.

 

Lehiaketak bi fase izan ditu, lehenengoan astez aste lehiakideek 6 proba gainditu dituzte eta puntuak batuz. Proba guztietan lortutako puntuak eta puntu gehigarriak batuz puntu gehien lortu dituzten 4 taldeak jokatuko dute lehiaketaren bigarren fasea, finala. Hauek dira lau talde finalistak:

  • Elgeta taldea (Elgeta): Elgetako Mintzapraktika taldeko mintzalagunek osatzen dute taldea eta saria irabazten badute ekintza mintzalagun proiektura bideratuko dute.

  • Izartu taldea (Durango): Aisialdi taldea da eta nerabe eta gazteei zuzenduriko aisialdi eskaintza euskalduna sustatzea da beraien helburua saria irabaziz gero.

  • Xapo taldea (Azpeitia-Goizueta): Azpeitia eta Goizuetako 5 gaztek osatzen dute taldea eta saria Seaska eta AEKren artean banatuko dute beraien proiektuak garatu ditzaten.

  • Mintzamendipintxopotepraktika taldea (Lizarra): Lizarrako mintzalagun talde bateko kideek osatzen dute taldea eta sariarekin Lizarran 48 ordu euskaraz ekimena antolatzea nahi dute.

 

Zoriondu nahi ditugu talde parte hartzaile guztiak eta batez ere arestian aipatu ditugun 4 talde finalistak.

 

Finala zuzenean ikusi nahi duen edonork aukera izango du, beraz herritar oro gonbidatu nahi dugu larunbatean Ekogunera etorri eta goiz dibertigarri bat pasatzera.

Prentsarentzako harremanetarako Tel.: 600 65 70 80

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide