Zubiberri gimnastika erritmiko taldeko alebinak eta haurrak Azpeitian aritu dira asteburuan. Zapatuan, alebinak aritu ziren, eta atzo, igandea, haurren mailakoak. Zubiberriko taldekide ugarik parte hartu zuten han, bai taldeka bai banaka.
Hiru pilota eta hiru esku libre modalitatean aritu ziren zapatuan Zubiberriko bi talde, bat Floreagakoa eta bestea Xabier Munibekoa. Floreaga taldean parte hartu zuten Jare Odriozolak, Nora Illarramendik, Malen Etxanizek, Jare Casasek, Leire Pardok eta Mara Ibarmiak. Xabier Munibe taldean, berriz, Elene Santosek, Arene Azpitartek, Elene Iriondok, Malen Eginok, Jule Arregik eta Nura Alberdik parte hartu zuten. Xabier Munibeko taldea hirugarren sailkatu zen, eta Floreagakoa, laugarren.
Atzo, berriz, haurren txanda izan zen, eta taldeka nahiz banaka aritu ziren. Bost uztaien modalitatean aritu ziren Zubiberri A (Oihane Epelde, Maialen Saenz Haizea Astigarraga, Intza Elortza eta Eire Segurola), Zubiberri B (Arette Hernandez, Camila Granados, Intza Arregi, Aiuri Ezkerra eta Garazi Sudupe) eta Zubiberri X (Ramatoulage Diallo, Naia Aizpurua, Maialen Rodriguez, Irati Garmendia eta Ane Goitisolo) taldeak. Zubiberri A taldea laugarren sailkatu zen, Zubiberri X taldea zazpigarren, eta Zubiberri B taldea zortzigarren.
Bestalde, sokarekin aritu ziren Araitz Borda eta Helene Murillo. Borda aurrena izan zen eta Murillo seigarrena.
Asteburuan, Tolosan
Datorren asteburuan, berriz, Tolosan (Gipuzkoa) izango dira Zubiberriko kideak; izan ere, Tolosako Txapelketa jokatuko dute han. Zapatuan, benjaminen hiru talde izango dira, eta igandean, beste bi taldek parte hartuko dute.