Euskadiko Gimnastika Erritmikoko Txapelketa jokatu dute Zubiberriko gimnastek asteburuan, kadete eta senior mailetan. Aitana Sanchez nagusitu zen larunbatean Durangoko (Bizkaia) Landako kiroldegian jokatu zuten senior mailako lehian, uztaiarekin osatu zuen lanarekin garaipena eskuratu baitzuen hark. Bikoteka ere aritu zen lehian Sanchez, Arianna Burgos Ariznoa Bergarako taldeko kidea lagun zuela, eta bigarren postua eskuratu zuten elkarrekin egindako lanean. Burgosek, berriz, zortzigarren postua erdietsi zuen zintarekin egindako banakako ariketan.
Kadete mailan, aldiz, Leire Garciak eta Amaia Sudupek osatutako bikotea seigarren postuan gelditu zen, Garciak uztaiarekin eta Sudupek mazekin egindako ariketari esker. Naroa Epeldek eta June Ibarmiak osatutako bikoteak, aldiz, hamargarren postuan amaitu zuen lehia, Epeldek uztaiarekin eta Ibarmiak mazekin egindako lanarengatik. Kadete mailako Zubiberriko taldeak, berriz, hamargarren postuan amaitu zuen taldekako lana, Iraide Urangak, Naia Ibañezek, Janire Camposek, June Ibarmiak eta Leire Garciak pilota banarekin osatutako ariketari esker.
Igandean, berriz, Getxo gimnastika erritmiko taldearen txapelketan lehiatu ziren Zubiberriko gimnastak, Getxoko (Bizkaia) Fadura kiroldegian. Nahia Urbizu nagusitu zen han, pilotarekin egindako lanak garaipena eman baitzion. Nikole Aranbarrik, berriz, bigarren postua lortu zuen zintarekin egindako ariketarekin.
Zubiberriko gimnastek asteburuko lehiekin batera amaitu dituzte aurtengo txapelketak, eta ikasturte amaierako erakustaldia baino ez zaie falta denboraldia amaitzeko. Ekainaren 19an egingo dute azken erakustaldia.