Zubiberriko jubenilen mailako gimnastak Euskadiko txapeldun, taldekako lanean

Erabiltzailearen aurpegia Zubi Berri 2024ko mai. 27a, 10:30

Maren Casas, Nikole Aranbarri, Nahia Urbizu, Amaia Sudupe eta Aitana Sanchez gimnastek osatutako taldeak aurreneko postua lortu zuen, uztaiekin eta pilotekin egindako lan onari esker.

Euskadiko Gimnastika Erritmikoko Txapelketa jokatu dute Zubiberriko gimnastek asteburuan, infantil eta jubenil mailetan. Larunbatean Helene Murillo gimnasta izan zen lehian infantil mailan, Basauriko (Bizkaia) Artunduaga kiroldegian, eta uztaiarekin eta sokarekin ariketa bana osatu zuen. Sokarekin zortzigarren postua lortu zuen hark, uztaiarekin bederatzigarrena, eta zazpigarrena izan zen sailkapen orokorrean.

Igandean, berriz, jubenilen mailan lehiatu ziren Zubiberriko gimnastak, Durangoko (Bizkaia) Landako kiroldegian. Taldekako lanean, txapeldun izan ziren Zubiberrikoak, uztaiekin eta pilotekin egindako lan onari esker. Maren Casas, Nikole Aranbarri, Nahia Urbizu, Amaia Sudupe eta Aitana Sanchez gimnastek osatu zuten talde irabazlea.

Nahia Urbizu eta Nikole Aranbarri lehian izan ziren binaka taldea osatuta ere. Urbizuk pilotarekin egin zuen bere lana, eta Aranbarrik zintarekin; zortzigarren postua erdietsi zuten elkarrekin. Aldiz, bakarka, Urbizu hamabigarren postuan geratu zen, eta Aranbarri seigarrenean.

Asteburu honetan, berriz, beste txapelketa batean lehiatuko dira Zubiberriko gimnastak, Durangon eta Getxon (Bizkaia). Larunbatean senior eta kadete mailakoak arituko dira lehian, eta igandean jubenilak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide