Gimnastika Erritmikoko Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketan emaitza onak lortu dituzte Zubiberriko gimnastek

Erabiltzailearen aurpegia Zubi Berri 2024ko mai. 12a, 18:00

Gimnastika Erritmikoko Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatu zuten atzo Zubiberriko gimnastek, infantil eta alebin mailetan. Batzuek zein besteek emaitza onak lortu zituzten.

Zubiberri gimnastika erritmikoko klubeko kideek sari bat baino gehiago irabazi zituzten atzo, larunbatez, Irunen (Gipuzkoa) jokatu zuten Gimnastika Erritmikoko Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketaren finalean.

Goizean infantil mailako gimnastak aritu ziren lehian. Helene Murillo nabarmendu zen bereziki finalean, uztaiarekin bakarka egin zuen ariketan lehen postua eskuratu baitzuen, eta sokarekin egin zuen lanean, berriz, bigarrena. Ondorioz, Murillo izan zen irabazlea sailkapen orokorrean. Aldiz, binakako ariketan Eire Segurola eta Maialen Saenz gimnastek bigarren postua eskuratu zuten; Segurola aurreneko sailkatua izan zen sokarekin egindako lanean, eta Saenzek laugarren postua lortu zuen uztaiarekin egindako lanari esker. Azkenik, talde handien kategorian, Zubiberri M taldea laugarren sailkatu zen, eta Zubiberri P taldea zortzigarren. Biek ala biek uztaiekin egin zituzten ariketak.

Arratsaldean alebin mailako gimnasten txanda izan zen. Garazi Sudupek eta Araitz Bordak osatutako taldeak garaipena eskuratu zuen, Sudupek materialik gabe eta Bordak sokarekin egindako ariketari esker. Aldiz, talde handietan, Bizilorek seigarren postua eskuratu zuen eta Xabier Munibek hamaikagarrena. Talde bakoitzean seina gimnastek hartu zuten parte, hiruk baloiarekin eta beste hiruk materialik gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide