Ainhize Azpiazu Zubiberri gimnastika erritmiko taldeko kideak Bagare txapelketa irabazi zuen larunbatean, Burgelun (Araba). Joan den astean Getxon lortu bezala, herenegun ere uztaiarekin egin zuen lan Azpiazuk, eta lehen postua eskuratu zuen. Gainera, Azpiazuk gimnasta bezala parte hartu duen azken txapelketa izan da Burgelun jokatutakoa.
Azkoitiarrak nabarmendu zuen denboraldia "oso polita" izan dela. "Asko gozatu dut. Euskadiko txapelketa jokatu baino egun bat lehenago lesionatu egin nintzen, eta horregatik, ez nuen nik nahi adina gozatu txapelketa hura. Horren ondoren, arantza ateratzeko eta gozatzeko beste bi txapelketa jokatu ditut: Getxokoa eta Burgelukoa. Bi txapelketetan lehen postua lortu dut, eta oso pozik nago. Lehen postua lortzea emaitza oso ona da niretzat, baina, batez ere, pozik nago lan handia egin dudalako, eta, beharbada, denboraldi honetan inoiz ez bezala gozatu dudalako tapizaren gainean". Bide batez, eskerrak eman zizkien entrenatzaileei eta taldekideei "aldiro-aldiro eman didaten babesagatik eta nirekin horrenbeste sinesteagatik nahiz konfiatzeagatik".