Zubiberri gimnastika erritimiko taldeko kideek Eskolarteko Euskadiko Txapelketa jokatu dute asteburuan. Gasteizko Abetxuko auzoko kiroldegian jokatu zuten lehia zapatuan, eta alebin mailako taldeak bost pilota modalitatean aritu behar izan zuen. Jone Arzuagak, Maite Rodriguezek, Eider Barrenak, Ane Illarramendik eta Ania Alberdik osatutako taldeak bosgarren postua eskuratu zuen.
Igandean, berriz, Durangon (Bizkaia) izan ziren Zubiberriko kideak, Euskadiko amateur mailako txapelketan. Nikole Aranbarrik, Nahia Urbizuk, Maren Casasek, Ainhize Azpiazuk eta Aitana Sanchezek osatutako taldeak uztaiekin eta mazoekin lan egin zuen, eta horiek ere bosgarren postuan amaitu zuten txapelketa. Senior mailan, aldiz, Ainhize Azpiazu seigarrena izan zen sailkapen orokorrean; seigarren amaitu zuen uztaien proba eta hamargarren zintarena.
Datorren asteburuan, gehiago
Ekaineko lehen asteburuan ere ez dira geldituko Zubiberriko kideak. Larunbatean, kadete mailako Euskadiko txapelketa jokatuko dute, Durangon. Nikole Aranbarri mazoekin arituko da eta Nahia Urbizu uztaiekin. Igandean, berriz, Getxon (Bizkaia) jokatuko den haurren mailako txapelketa batean parte hartuko dute azkoitiarrek. June Ibarmiak, Nora Arozenak, Afrika Peñak, Iraide Urangak, Naroa Epeldek eta Naia Ibañezek uztaiekin lan egingo dute. Infantil mailako Leire Garciak, bestalde, pilotaren proba jokatuko du, eta senior mailako Ainhize Azpiazuk uztaiarenean.