Talde lana eta laguntasuna, diziplina alboratu gabe

Erabiltzailearen aurpegia Zubi Berri 2019ko aza. 14a, 11:41

Urriko Maxixatzen aldizkarian Zubiberri gimnastika erritmiko taldeak 'Komunitatin Leixue' atalean idatzitako artikulua: 'Talde lana eta laguntasuna, diziplina alboratu gabe'.

90eko hamarkadaren amaieran, Visi Gutierrezek gimnastika erritmikoko taldea sortu zuen Azkoitian. Hasierako urteen ostean, taldeak klub izaera hartu zuen duela hamar urte, taldea bera formalizatzeko asmoz. Hain zuzen ere, orduan hartu zuen Zubiberri izena klubak.

Azken urteetan, gero eta ume gehiago ari dira batzen klubera. Egun, ehun kide inguruk osatzen dugu Zubiberri; 5 urteko umeetatik seniorretara bitarteko maila guztietan aritzen dira klubeko kide diren gimnastak. Hiru lagun aritzen gara entrenatzaile eta laguntzaile lanetan, eta astean hiru egunetan eskaintzen ditugu entrenamenduak Zubiaurre kiroldegian: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan.

5 urteko umeekin, esaterako, gimnastika erritmikoko tresnak erabiliz psikomotrizitatea lantzen dugu eskoletan, haurrak kirol hori barneratzen has daitezen. Benjaminek, berriz, aurreneko topaketak egiten dituzte denboraldian zehar, eta kimuetatik aurrera hasten dira txapelketetan lehiatzen. Hain zuzen ere, kimuek, infantilek, kadeteek, jubenilek eta seniorrek irailean hasten dugu denboraldi aurrea, eta urria inguruan hasten gara aurkeztuko dugun lanaren muntaia prestatzen. Muntaia oso teknikoa izaten da, eta pauta zorrotzak jarraitu behar ditugu horretarako. Gipuzkoako txapelketetarako bi sailkapen fase jokatzen ditugu Aste Santura bitartean, eta sailkatuz gero, hainbat kategoriatako gimnastek Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jokatzen ditugu maiatza eta ekaina aldean. Horrez gain, klub bakoitzak antolatzen dituen torneoetan ere parte hartzen dugu.

Gimnastika erritmikoa bakarka zein taldeka praktika daiteke, baina gure klubaren oinarrian dago talde lana, eta beraz, modalitate horri garrantzia handiagoa ematen diogu. Laguntasuna eta ondo pasatzea dira klubean lantzen ditugun beste balioetako batzuk, beti ere diziplina ahaztu gabe. Dena den, txapelketetako emaitzek baino pisu handiagoa du urte osoan egindako lanak gurean.

Gimnastika erritimikoa kirol txikia da, eta itzalpean geratzen da. Horrez gain, gizonen gimnastika erritmikoa urteetan ezkutuan egon bada ere, ari da pixkanaka ikusarazten. Gurean, ateak zabalik daude guztientzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide