Zubiaurre igeriketa klubaren denboraldi berria hastera doa

Igeri eskolako kideek irailaren 16an hasiko dute sasoi berria, eta aurrenekoz han parte hartuko duten umeen gurasoekin bilera egingo dute bihar.

Zubiaurre igeriketa klubeko entrenatzaile taldea, zuzendaritzako kideek lagunduta, 2024/2025 denboraldiari hasiera emateko prestatzen ari da. Oporraldia pasatuta, indarberrituta eta gogotsu dira igerilariekin lanean hasi eta erronka berriei aurre egiten hasteko. Entrenamendu saioei hasiera ematen lehenengoak federatuak (DBHtik gorakoak) izan dira, atzo, astelehena, bertan izan baitzuten lehen entrenamendua.

Igeri eskola

Gainerako taldeetako igerilariak, igeri eskolakoak, irailaren 16ko astean hasiko dira, talde bakoitza berari dagokion egun eta ordutegian.

Aurreko urtetik dabiltzanek entrenatzaileen eskutik jasoko dute informazio zehatza (talde zerrendak, e.a.) ohiko komunikazio bideak erabilita. Adi, beraz!

Berrientzat bilera

Aurten lehen aldiz igeriketa eskolan hasiko diren haurren gurasoei zuzenduta, bilera bat egingo da bihar, irailak 11. Bileraren helburu nagusiak honakoak izango dira: batetik, Zubiaurre klubera ongietorria eman, elkar ezagutu eta klubaren filosofia eta helburuak aurkeztea, eta, bestetik, entrenatzaileen eskutik talde, ordutegi eta lan egiteko moduen inguruan zehaztapenak helaraztea, familiek izan ditzaketen zalantza eta kezkak argitzearekin batera.

Bilera, irailak 11, asteazkena, arratsaldeko 17:30an egingo da Elkarguneko Oteiza aretoan. Bertan ikusiko gara!

Bilera irekia da eta izen emateak zabalik jarraitzen du. Beraz, zalantzak dituztenek aukera izango dute bilerara etorri eta dituzten galderak egiteko. Animatu eta etorri gurekin igeri egitera!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide