Asteburu borobila izan da Zubiaurre igeriketa klubeko neska-mutilentzat. Banakako sari ugari eskuratzeaz gain, taldekako bi lorpen handirekin itzuli ziren etxera. Hiru hitzordu izan zituzten igerilari azkoitiarrek larunbatean eta igandean, eta emaitza bikainak eskuratu zituzten guztietan. Lehiaketen denboraldia azken txanpara iristen ari den honetan, urte osoan egindako lanaren emaitzak oso agerikoak dira.
Batetik, Oñatin (Gipuzkoa) jokatutako XXXIII. Txantxiku Sariketan lehen postua eskuratu zuten igerilari gazteenek taldekako sailkapenean, eta bestetik, Andoainen (Gipuzkoa) jokatutako Gipuzkoako Udako XII. Sarian ere ifantil-junior-absolutu mailakoak lehen postuan geratu ziren sailkapen orokorrean. V. Gipuzkoako Open Sarian, berriz, hamar finaletara sailkau ziren igerilari azkoitiarrak.
Hona hemen, laburpena:
- V. Gipuzkoako Open Saria (Donostia):
- Banakako sari ugari bereganatuta, hamar final lehiatu zituzten (A mailako lau final, eta B mailako sei).
- Gipuzkoako Udako XII. Saria (Andoain):
- Urrezko 21 domina, zilarrezko zazpi eta brontzezko hiru.
- Taldekako sailkapenean, mutilak lehen postuan, eta neskak bigarren postuan.
- Neska-mutilen sailkapen orokorrean, Zubiaurre lehen postuan.
- XXXIII. Txantxiku Sariketa (Oñati):
- Banakako sari ugari eskuratuta, taldekako lehen postua.
Horrez gain, igerilari askok eskuratu zuten Euskadiko Igeriketa Txapelketa Nagusira sailkatzea, gutxieneko denborak egin ondoren. Zorionak guztioi!
Hurrengo hitzordua, Azkoitian
Hurrengo hitzordua datorren ostiralean, ekainak 10, izango dute igerilari azkoitiarrek. Oraingoan, gainera, herrian bertan aritu beharko dute; izan ere, San Andres Saria jokatuko dute orduan Elkarguneko igerilekuan, 15:30ean hasita. 2010 eta 2013 urteetan jaiotako neska-mutilek parte hartuko dute lehian. Txapelketa bukatu bezain pronto, klubeko kide guztientzat merienda eskainiko du klubak, Elkargunean.