Zubiaurre Igeriketa Klubeko bederatzi kide lehiatuko dira, larunbatean eta igandean, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian jokatuko den absolutu eta junior mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketan. Ondorengoak dira denboraldian zehar jokatutako proba ezberdinetan Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko denborak egitea lortu duten igerilariak: Nora Mateos, Urko Olaizola, Nerea Dominguez, Olaia Gaitan, Naira Artetxe, Nora Arozena, Julen Ocio, Jare Goenaga eta Pello Benitez.
Larunbateko eta igandeko probak goizez (10:00) eta arratsaldez (17:00) izango dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, probak hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute ikusleentzako sarrera, kiroldegiko Lasarteko atetik; ate nagusitik ezingo da sartu. Era berean, derrigorrezkoa izango da maskara eramatea, eta ikusleek eserita egon beharko dute nahitaez. Ikusi probako serieak.